Eskoriatzako EAJk bide berdearen aurrerapausoa begi onez hartu du

Imanol Beloki Unamuno

Aingeruguardan, Eskoriatzako bidegorrian Eskoriatzako alderdi jeltzaleko ordezkariak, Aldundiko ordezkariekin.

Aldundiak aurreikusitako jarduketak Vasco-Navarro trenbide zaharraren 17,3 kilometro berreskuratzea ahalbidetuko du, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta Debagoiena Arabarekin lotzeko funtsezko azpiegitura osatuz. Proiektuak 12,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta lehen tarteetako obrak 2027an hastea espero da. Hala, Eskoriatzako jeltzaleek begi onez ikusi dute bide berdea gauzatzeko emandako urratsa.

Eskoriatzako EAJk pozik hartu du Vasco-Navarro trenbide zaharreko bide berdea osatzeko emandako beste urrats bat. Gipuzkoako Foru Aldundiak Leintz Gatzaga eta Arabako mugaren arteko tartearen proiektua idazteko lizitazioa abiarazi du, eta, horrela, trenbide historiko hau berreskuratzeko dagoeneko hasitako lanei jarraipena emango die.

Jeltzaleen ustez, erabaki honek berretsi egiten du Foru Aldundiak Eskoriatzarentzat eta Debagoiena osoarentzat estrategikoa den azpiegitura honekin duen konpromisoa. Izan ere, EAJk betidanik defendatu duen proiektua da. 3,2 kilometroko tarte berri hau dagoeneko idazketa-fasean dauden lehen bi proiektuei gehituko zaie. Bi proiektu horiek Eskoriatza eta Zarimutz arteko 7,5 kilometro hartzen dituzte.

Konpromisoarekin aurrera

Josu Ezkurdia udal taldeko bozeramaileak positiboki baloratu du aurrerapauso hau: "Pozgarria da Foru Aldundiak urte luzez aldarrikatu dugun proiektua errealitate bihurtzeko urrats zehatzak ematen jarraitzea. Ekainean erakunde forala ematen ari zen bultzadaren garrantzia nabarmendu genuen, eta gaur ikusten dugu konpromiso horrek aurrera egiten jarraitzen duela. Albiste ona da Eskoriatzarentzat eta Debagoiena osoarentzat".

Jarduketa osoak trenbide zaharraren 17,3 kilometro berreskuratzea aurreikusten du, Kuatruenatik Arabako mugaraino, 12,5 milioi euroko inbertsioarekin. Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, lehen tarteetako obrak 2027an hasiko dira, beharrezko izapideak amaitu ondoren. Bitartean, gainerako proiektuen idazketan lanean jarraituko du.

Eskoriatzako EAJk gogorarazi du Vasco-Navarro trenbide zaharra berreskuratzea udal talde jeltzalearen etengabeko aldarrikapena izan dela. Ildo horretan, berriro ere nabarmendu nahi izan dute Joserra Zubizarretak Eskoriatzan azken bi agintaldietan alkate izandako jeltzaleak (2015-2023) urte luzez egindako lana, ibilbide honen garapena bultzatzeko eta hainbat tarte berreskuratzeko urratsak emateko.

Herrian arteko lotura beharra

"Bidegorri bat baino askoz gehiagoz ari gara. Gure historiaren zati bat berreskuratzeaz, gure herrien arteko loturak hobetzeaz eta herritarrei oinez ibiltzeko, bizikletaz mugitzeko eta gure ingurune naturalaz gozatzeko espazio berriak eskaintzeaz ari gara. Horregatik, bereziki baloratzen dugu Foru Aldundia pixkanaka aurrera egitea ahalbidetuko duen plangintza batekin lanean aritzea, adierazi du Ezkurdia bozeramaileak. Era berean, talde jeltzaleak erakundeen arteko lankidetzari eustearen garrantzia azpimarratu du, proiektua behingoz errealitate bihurtuko dela bermatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak