Guztira, 23 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Kutxa Fundazioak Gipuzkoan sortutako proiektuak errealitate bihurtzeko. 2016tik, 850 gizarte- eta kultur ekimen baino gehiago bultzatu ditu 455 elkarterekin batera, eta 2010etik, 150 lankidetza-proiektu inguru 30 herrialde baino gehiagotan. Azken urteetan, gainera, hainbat sektoretako entitateen aliantza handiak ere bultzatu ditu. Helburua bera da beti: Gipuzkoa bidezkoagoa, ikasiagoa, sortzaileagoa eta jasangarriagoa.
Ideia bakoitza hazi bat da, eta loratzeko laguntza behar du. Batzuk elkarte txiki baten eguneroko lanetik sortzen dira; beste batzuk, hainbat erakunderen aliantzatik edo mundura begira dagoen elkartasunetik. Guztiek dute lekua Gipuzkoa Ahalbidetuz proiektuan, eta, hauek loratzen direnean, Gipuzkoa osoa loratzen da.
Bost programa, ideia asko
Gipuzkoa Aliantzan 2025eko ezohiko deialdia, lau aliantza handirekin: industria aurreratua gazteengana hurbiltzen duen FABRIK-ON, itsasoa eta plastikorik gabeko ostalaritza sustatzen dituen Gipuzkoa Azul, eta STEAM bokazioak indartzen dituzten STEAM Ehungileak eta Goierri STEAM LanBidean. 25 erakunde baino gehiago, helburu beraren alde.
Desafio Ekosozialetarako Aliantzak
Hainbat sektoretako entitateen aliantzak, erronka ekosozialei elkarrekin erantzuteko:
trantsizio ekologiko justua bizkortzea eta desberdintasunak murriztea. 2022tik, zortzi aliantza bultzatu ditu, Hernaniko elikadura-sistema burujabetik hasi eta Arrasateko Plaza-Bizi mugikortasun-laborategiraino edo Irungo Ekologin logistika inklusiboraino
Gizarte eta kultur ekimenak Gipuzkoako irabazi-asmorik gabeko entitateen urteko ekimenak bultzatzen ditu 2016tik: gizarteratzea, ongizatea, zahartze aktiboa, genero-berdintasuna, haurren eta gazteen babesa, kultura, jasangarritasuna eta euskara. 2026ko edizioan, 152 ekimen bultzatu ziren, 2,3 milioi euro inguruko inbertsioarekin, fundazio, elkarte, gizarte-kooperatiba eta federazioen eskutik.
Garapenerako lankidetza
Gipuzkoako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) Hegoalde Globalean garatzen dituzten proiektuak bultzatzen ditu. Programaren jatorria berezia da: DADeko eta Jubikutxako bazkideen ekarpenak Kutxa Fundazioak bikoizten ditu, eta Gipuzkoako herritarren elkartasuna bider bi egiten da. 2010etik, 148 proiektu bultzatu dira, Indiako kaleko haurrengandik Hondurasko elikadura-programetaraino.
Hitzetatik Ekintzetara (TRESNA)
Herritarrak Agenda 2030ean inplikatzeko tresnak, Arantzazulabekin batera. Biziolaren
elikadura-burujabetzatik hasi eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna lantzen duten azken hiru tresnetaraino: jolasa, irakurketa eta euskara, komunitatea egiteko.
Zure ideiak ere badu lekua
2027rako Gizarte- eta kultur-ekimenetarako laguntzen deialdia zabalik dago abenduaren 9ra arte. Gipuzkoan egoitza edo errotze egiaztagarria duten irabazi-asmorik gabeko entitateek aurkez ditzakete proposamenak, eta proiektuaren aurrekontuaren % 75era arteko laguntza jaso: gehienez 20.000 euro banakako ekimenetan eta 50.000 euro lankidetza-proiektuetan. Eskaerak, Kutxa Fundazioaren deialdien atariaren bidez.
Zure proiektua ezagutu nahi dugu
Gipuzkoan sortzen diren ideiek laguntza behar dute loratzeko, eta laguntza hori iristen
denean, garrantzitsua da garaiz informatzea. Eman izena Kutxa Fundazioaren boletinean, eta jaso zure posta elektronikoan deialdi berrien abisuak, laguntzei buruzko informazioa eta Gipuzkoa ahalbidetzen ari diren proiektuen berri.