Aloña Mendi serio batek sinatu du Bergararen ligako lehen porrota (22-32)

Hasier Larrea

Txantxikuak liderrari etxean irabazteko gai direla sinetsita atera dira Labegaraietako kantxara, eta lehenengo tanteo parekatuaren ostean, defentsako lan handiak ahalbideratu die markagailuan tartea ireki eta bukaeraraino mantentzea. Bergararrek ezohiko akats batzuk egin dituzte jokoan, eta ez dute pareko harresia iraultzeko teklarekin asmatu. 

Bergara Soraluce BKE eta Onnera Group Aloña Mendiren arteko derbia jokatu dute gaur Gipuzkoako 1. Lurraldeko ligan. Mahoneroak sei garaipen eta berdinketa bateko uzta lortzetik zetozen, eta oñatiarrak lau porrot eta hiru garaipen erdiestetik. Faboritoak etxekoak ziren, beraz, baina kantxan ez dira pronostikoak bete. 

Lehen minutuetako parekotasuna bosnakoren ostean desorekatu da. Liderrak ez ziren gai oñatiarren defentsa itogarriari buelta emateko, eta txantxikuek baloi jabetzari etekina ateratzen jarraitu dute. Atsedenaldira abantaila politarekin joan dira, zazpi goleko aldearekin, eta sei gol bakarrik jasota. 

Bigarren zatian intentsitate berarekin jarraitu dute bisitariek. Etxekoek, berriz, gaur ez dute eguna izan, bestelako gidoi bat idazten saiatu diren arren. Errentari eutsi bakarrik ez, handitzea ere lortu dute Xabier Guridiren mutilek. 

Azken txanpara bederatzi goleko aldearekin iritsita, ezinezkoa egin zaie bergararrei garaipena eskuratzea, eta partidua arindu egin da, jokalariak lasaitzearen ondorioz. Gol dezente sartu dituzte bi taldeek neurketaren hondarrean. Azkenean, 22-32 gailendu dira oñatiarrak. 

Aranburuk, 14 gol

Nabarmentzekoak izan dira Unax Aranbururen 14 golak eta Elaitz Zumalderen 8 golak. Biak izan dira oñatiarren erasoko protagonista nagusiak. Mikel Guridi atezainaren lana ere aipatzekoa izan da, geldiketa ikusgarriak egin baititu. Bergararren partetik, Andoni Moñux izan da atearen aurrean finen ibili dena, 11 gol sinatuta. 

Emaitza horrekin, hiruko berdinketa dago ligako lehen postuan, Soraluce BKE, Munttarpe eta Ordiziaren artean. Onnera Group Aloña Mendi seigarren postura igo da, ostera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak