Donostian izan den ekitaldian eman ditu ezagutzera ditu EAJ azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako aurkeztu dituen zerrendak. Kongresurako, egungo diputatu Maribel Vaquero izango da zerrendaburua; Donostiako alkate ohi Eneko Goia izango da bigarrena; eta Olatz Peon Hirugarrena. Senaturako, aldiz, Luken Uribe-Etxebarria da jeltzaleen lehen hautagaia; Bittori Zabala bigarrena; eta Xabier Insausti hirugarrena. Senaturako zerrendan daude, hain zuzen ere, Debagoienarekin lotura duten bi izenak: Bergarako alkate ohi eta egungo legebiltzarkide Elena Lete, Uribe-Etxebarriaren ordezkoa izango da; eta Elgetako Udaleko zinegotzia eta jeltzaleen bozeramailea den Iker Laka, aldiz, Zabalaren ordezko.
EAJ, "euskal lurrean sustrai sendoak dituen arbola"
Aurkezpenean egindako hitzartzeetan, talde jeltzaleak "Euskadiren eraikuntzan" Kongresuan "hamarkadatan egin duen lana" aldarrikatu du Maribel Vaquerok, eta gaineratu EAJ izan dela eta dela "PP-Vox koalizioari aurre egiteko bermea". Jeltzaleek “Euskadi abiapuntu eta helmuga” dutela nabarmendu du, esanaz EAJ “euskal lurrean sustrai sendoak dituen arbola" dela eta gainerako alderdiak estatuko beste alderdien sukurtsalak besterik ez” direla: "Euskadiko Alderdi Sozialista, Ebro ibaia zeharkatzen duenean, PSOE bihurtzen da. PP eta Vox txanpon berberaren bi alde dira eta EH Bildu PSOEren bidaidea da, Sanchezek esaten duen guztia txalotzen duena, bere proposamenekin euskal etxearen burujabetasuna ahultzen badute ere". “Madrilen beste euskal diputatu batzuk egongo dira, baina Euskadi defendatzen duen bakarra, Euskal Talde bakarra, EAJ-PNV da”, baieztatu du Vaquerok.
"Berme bi"
Luke Uribe-Etxeberria senaturako hautagaiak, bere aldetik, adierazi du azken legegintzaldiko lorpenak, "erdizka eta beharrak bultzatuta" egin duen PSOErengandik baino EAJ-PNVren "kemenagatik eta exijentziagatik" etorri direla. Era berean, EH Bilduren "itxurakeria" deitoratu du Madrilen sozialistei "amen jesus" esatera mugatu direlako.
Ekitaldia amaitzeko, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Agirrezabalak "berme bi" azpimarratu ditu euskal herritarrentzat: EAJk ez duela PP eta Voxen arteko gobernurik babestuko; eta osatuko den gobernuaren kolorea bata edo bestea izan, EAJk "Euskadi eta euskal hiritarrak" defendatuko dituela.