Gipuzkoako enpresen jarduerak "hobera" egin du apiriletik hona

Eneko Azurmendi Barrena

Mauri Arregi eta Javier Zubia, Ganberako presidentea eta zuzendaria.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberak enpresa ikuspegiari buruzko txostena kaleratu du eta ondorio nagusia da "Gipuzkoako enpresek duela sei hilabete baino itxaropen hobeak" dituztela, Mauri Arregi presidentearen esanetan.

2026ko urrian egindako koiunturari buruzko inkestan oinarrituta egin du txostena Gipuzkoako Merkataritza Ganberak. Txosten horrek "enpresa-jardueraren bilakaera ona, esportazio-aurreikuspenen hobekuntza eta enpleguaren egonkortasuna" islatzen ditu, inbertsio-erabakietan "zuhurtzia handiagoz" bada ere, Arregiren esanetan.

Gipuzkoako enpresek duela sei hilabete baino itxaropen hobeak dituztela dio Arregik, baina zera ohartarazi du: "Enpresak erantzuten aritzeak ez du esan nahi erraza dutenik".

Urtarriletik urrira, enpresen %42k adierazi dute salmentak igo dituztela –aurreko inkestan %28 izan ziren–. Aldiz, murrizketa adierazi dutenak %30etik %21era igaro dira. 2027ari begira, inkesta bete duten enpresen %85ek bere jarduerari eustea edo hobetzea espero du, hau da, aurreko inkestan baino bost puntu gehiago.

Esportazioek ere ekaineko inkestan baino bilakaera hobea izan dute. Hala, enpresa esportatzaileen %45ek adierazi du esportazioak hazi egin direla urtarriletik urrira –aurreko inkestan, %29k–. 2027rako, enpresen %89k esportazioei eustea edo handitzea aurreikusten du.

Merkatuaren dibertsifikaziorantz

Arregik azpimarratu du enpresak "ingurune lehiakorra" behar dutela "gero eta lehiakorragoak izateko". Bide horretan, enpresen nazioarteko merkatuak dibertsifikatu behar direla dio, arreta berezia jarriz Indian, Asiako hego-ekialdean eta Erdialdeko Asian. "Kontua ez da Europari begiratzeari uztea, beste merkatu batzuetara begira jartzea baizik", azpimarratu du.

Horregatik, "beharrezkotzat" jo du enpresa "produktiboagoak, berritzaileagoak eta nazioartekotuagoak" lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzea, "haien lehiakortasuna bultzatuko duen ingurune batekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak