EH Bilduk adierazi du Debagoienak beti erakutsi duela konpromisoa une erabakigarrietan, eta datorren asterako ere itxaropentsu daude. "Azaroaren 14an ere Bilboko kaleak beteko ditugu, irribarrez eta bandera guztiak zabalik, badatorren Euskal Herria defendatzeko", azaldu dute, ohar bidez.
Altxamendu faxistatik 90 urte bete direla aprobetxatu gura dute haien aldarria ozen kaleratzeko. "Autoritarismo atzerakoia gero eta indar handiagoa hartzen ari da munduan, eta eskuin muturreko alderdiak Madrilgo eta Parisko gobernuetara iristeko arriskuak mehatxu larria dakar Euskal Herriaren etorkizunerako", nabarmendu dute.
EH Bilduren hitzetan, faxismoari aurre egin zioten belaunaldiek ondare eta irakaspen bat utzi zuten:
"Maite duguna defendatzea". Horregatik, faxismoari aurre egiteko "biderik onena" herriaren eraldaketa sozialean aurrera egitea dela uste du koalizioak, "aske eta berdinen errepublika eraikitzeko une honetan indarrak biltzeko beharra" azpimarratuz.
Autobuserako, bi aukera
Manifestaziora joatea errazteko, EH Bilduk autobusak antolatu ditu Debagoieneko herrietatik. Joateko, bi ordutegi egongo dira, 10:30ean eta 14:30ean; eta itzultzeko beste bi, 20:00etan eta 01:00etan. Edozelan ere, ordu zehatzak herri bakoitzean zehaztuko dituzte.
Herri bakoitzeko EH Bilduren taldearekin harremanetan jarrita eman daiteke izena, baita honako taberna hauetan ere.
- Antzuola: Aitz Garbi taberna.
- Aretxabaleta: Urbaltz taberna.
- Arrasate: Irati taberna.
- Bergara: Etxagi taberna.
- Elgeta: Haizea taberna.
- Eskoriatza: Inkernu taberna.
- Oñati: Arrano taberna.