Beheko postuetatik irtetea bilatuko dute Bergarak eta Aloñak, domekan

Julen Murua Mesonero

Bergararen eta Aloña Mendiren arteko derbia, duela bi urte, Labegaraietan.

Urteko bigarren garaipenaren bila irtengo dira bi taldeak Labegaraietako kiroldegian jokatuko den derbira.

Iazko denboraldian kategoria ezberdinetan jokatu eta gero, berriro neurtuko dituzte indarrak Goizper Bergarak eta Biotz Aloña Mendik Euskadiko bigarren mailan, domekan, 18:00etan, Labegaraietan. Jokatutako lau partidetatik garaipen bakarra lortu dute bi taldeek eta sailkapeneko beheko postuetan kokatuta daude gaur egun. Bosgarren jardunaldia izanda, garaipen batek ez du taldeen denboraldia erabat aldatuko, baina derbia irabazteak beti ematen du suspertzeko indarra, eta gogor borrokatuko dute bi taldeek hori lortzeko.

Etxekoen entrenatzaile Jokin Etxebarriak dio "derbiaren osagaiak" izango dituela partidak, eta "ikusleentzako polita, eta era berean lehiatua" izatea espero du. Denboraldiaurrean elkarren aurka jokatu zuten, baina bergararrak ez du uste asteburuko derbiak orduko hartakoarekin alderatuta antzekotasunik izango dituenik. Ideia berbera du Aloña Mendiko entrenatzaile Aitor Ugartek. Hark dioenez, "partida gogorra eta markagailuan alde txikia izango duen partida" izango da domekakoa; "gogotsu" daudela adierazi du oñatiarrak.

Ondo ezagutzen dute elkar

Bai jokalariek, baita entrenatzaileek ere, ondo ezagutzen dute elkar. Etxebarriak eta Ugartek, esaterako, duela hamabost urte ingurutik dute harremana, eta horrek derbian eragina izango duela uste dute biek: "Aspalditik dugu harremana eta horrek ziur eragiten duela. Lehia egongo da hor ere. Eragingo du partida detaile txikietan erabakiko delako, eta horietan onena izaten denak lortuko duelako garaipena", adierazi dute.

Antzeko boladak

Nahiko egutegi antzekoa izan dute bi taldeek aurreneko jardunaldietan; izan ere, ligako talde gogorren aurka jokatzea tokatu zaie batzuei zein besteei. "Kategoria berrira egokitzen" ari direla dio Ugartek, eta "exigentzia maila altua" den arren, gauzak ondo eginez gero "edozeinen aurka" lehiatu dezaketela. Hortaz, derbian garaipena lortzeak "taldearen gorputzaldiari bultzada handia" emango liokela dio oñatiarrak. 

Etxebarriaren kasuan, "lehiakorra izateari" ematen dio garrantzi handiena. Taldeak aldaketak izan dituen arren "kategorian lehiakor izateko gai" direla erakutsi nahi du bergararrak, eta hori Aloñaren aurka irabazita hasten dela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak