310 debagoiendar helmugaratu ziren iaz jokatu zen Behobia-Donostia lasterketan –hamar antzuolar, bi aramaioar, 39 aretxabaletar, 85 arrasatear, 98 bergarar, elgetar bat, bederatzi eskoriatzar eta 66 oñatiar–. Horietako asko egongo dira, beste urte batez, Behobiako hasiera-puntuan, baina beste debagoiendar batzuentzat lehenengo aldia izango da Euskal Herriko lasterketa entzutetsuenetakoan.
Bailarako azkarrenak egongo dira
Iazko debagoiendar azkarrenak honako hauek izan ziren: gizonezkoetan, Mikel Velasco (1.06.37), Josu Uribarren (1.09.29) eta Iker Agirregabiria (1.09.39) izan ziren azkarrenak; emakumezkoetan, berriz, Eneritz Urrutia (1.24.58), Jone Agirregabiria (1.26.58) eta Alaitz Atxa (1.29.04) izan ziren ibarreko onenak. Hain zuzen ere, onenen artean ibili ziren korrikalarietatik Urrutia izango da aurtengo edizioan parte hartuko ez duen bakarra –Iker Agirregabiriaren partaidetza ere kolokan egongo da, azken momentura arte–. Arrasatearrak adierazi duenez, "lesio bat" duela lehiatu da urte osoan, eta gelditzeko momentu bat hartu behar izan du, haren lantaldeak horrela gomendatuta: "Denboraldi luzea egin dut, oso goiz hasi nintzen-eta lasterketetan; beraz, aurten kale egitea tokatzen zait".
Velasco izan zen iazko debagoiendar azkarrena, eta, urteroko legez, "gogotsu" dago "egutegian gorriz margotuta" duen egunerako. Iaz baino sasoi hobean dagoela dio arrasatearrak; izan ere, iaz Behobia-Donostia prestatzeko egindako lasterketa berberak egin ditu aurten, eta "emaitza askoz hobeak" lortu ditu. Hortaz, espero du "iazko denbora hobetzea". Josu Uribarren, Jone Agirregabiria eta Alaitz Atxa ere izango dira Behobia-Donostia lasterketako irteera-puntuan, eta haiek ere "gozatzeko eta korrika egiteko gogoz" daude. Uribarrenen eta Agirregabiriaren helburua bada "iazko denbora hobetzea"; Atxak, ordea, askorik entrenatu ez dela dio, eta "iazko denboraren bueltan ibiltzea" da haren helburua. "Dagoeneko lortu dut nire helburu nagusia: nire aitak gaztetan hainbatetan jokatu zuen Behobia-Donostia, eta betidanik izan dut aitarekin lehia antzeko bat, haren denbora onena hobetzeko; iaz lortu nuen", gehitu du oñatiarrak.
Ekain Larrea, estreinakoz
Behobia-Donostia lasterketan aurrenekoz arituko dena Ekain Larrea antzuolarra izango da. Bezperan "oso urduri" egongo dela onartzen du, baina denboraldiko helburu gisa lasterketa hori ezarri zuen, eta hasteko gogotsu dago antzuolarra. Maila handia egotea aurreikusten du Larreak, eta lasterketa "motel samar" hastea gustatuko litzaioke, "bukaerara aukerekin iristeko"; izan ere, helburu zehatzik gabe, baina "ordubete eta hiruzpalau minutu inguruan" bukatzera irtetea da haren asmoa, eta horrek, iazko sailkapena oinarri hartuta, aurreneko hamarren arteko lehian egotera eramango luke.