Algaraka Bakarrizketa Gauak zabaldu du epea lan berriak jasotzeko

Oihana Elorza Gorostiza

Asier Kortabarria 'Asier K' izango da aurkezlea.

Hirugarren aldiz egingo da Algaraka Bakarrizketa Gaua, euskarazko umoreari eta sortzaile berriei plaza eskaintzeko helburuarekin. Hilaren 22ra arte eman ahal izango da izena euskarazko bakarrizketariek, 2-3 minutuko bideo bat bidalita. Aukeratutako bost lagunek Bergarako Seminarixoan egingo dituzte euren saioak, jendaurrean, abenduaren 18an.

Euskarazko umoreari eta sortzaile berriei plaza eskaintzeko helburua du hirugarren aldiz egingo den Algarako Bakarrizketa Gauak. Abenduaren 18an izango da ikuskizuna Bergarako Seminarixuan, eta dagoeneko zabalik dago parte hartzeko izen ematea. Bizpahiru minutuko bideo bat bidalita eman behar da izena hilaren 22a aurretik eta aukeratuko dituzten bost lagunek izango dute euren lana jendaurrean aurkezteko aukera.

Emanaldia prestatzeko, coaching saio pertsonalizatuak jasoko dituzte, bakarrizketaren alderdi artistikoak lantzeko. Horrez gain, bakoitzak 100 euroko ordainsaria eta bere emanaldiaren bideo profesionala jasoko ditu. Euren lana dokumentatu eta aurrerantzean zabaltzeko baliabidea izango da bideoa. Emanaldia Goiena telebistan emango dute, eta bakarrizketak sarean ere ikusi ahal izango dira.

'Asier K' aurkezle

Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatzen du ekimena, euskarazko ahozkotasuna, umorea eta sormena sustatzeko, Bergarako Udalaren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Goiena Komunikazio Taldearen eta Errekaren laguntzarekin. Asier Kortabarria Asier K bergararra izango da saioaren aurkezle. Jardun Euskara Elkarteko Nerea Mendizabalek deialdian parte hartzera animatu ditu bakarrizketariak: "Algarakak oholtza bat eskaini nahi die euskaraz umorea egiteko gogoa dutenei, hasiberriak izan edo esperientzia handiagoa izan. Iaz ikusi genuen publikoak erantzun egiten duela, eta aurten ere ahots berriak entzuteko irrikan gaude".

Parte hartu gura dutenek, 2-3 minutuko bideoa bidali behar dute helbide honetara: komunikazioa@algaraka.eus. Horretarako azken eguna da azaroak 22. Parte-hartzaile bakoitzak bideo bakarra bidali behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak