Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola izan dira azkarrenak Intxortako rallysprintean

Koldo Zubia Salas

Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi dute Intxortako rallysprinteko hirugarren edizioa. Pilotu laudioarra eta kopilotu antzuolarra probak izan dituen lau txandetako hirutan azkarrenak izan dira (22:06). Bigarren postua Bergaran gelditu da, Aitor Zabaleta eta Ander Odriozola bederatzi segundora sailkatu baitira (22:15). Andoni Arrazola eta Xabier Iturriagagoitiak lortu dute hirugarren postua (22:48).

Euskal egutegiko azken rallysprinta jokatu da gaurkoan Angiozarren. Euskadiko Rallysprint Txapelketa erabakita iritsi da denboraldiaren amaierara eta hutsune nabarmenak izan dira irteera puntuan; txapelketa irabazi berri duen Aitzol Apalantzarena eta bigarren gelditu den Alberto Marcosena esaterako.

Falta izan direnek ordea ez dute giroa zapuztu, eta lehia ederra eman dute San Kristobalen —garbigune ondoan— elkartu diren 37 pilotuek. Bertatik hasita, hiru txanda egin dituzte Kanpazarrera, Asentziotik igarota. Laugarren txanda, motzagoa, Angiozarretik hasi dute. Eguraldia ere lagun izan da eta jende ugari bildu da bide bazterretan; gainera, ez da inolako istripu larririk izan egun osoan.

Nagusitasun osoz

Lehenengo txandatik hasi dira Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola tartea zabaltzen; Aitor Zabaletak eta Ander Odriozolak bakarrik eutsi diete erritmoa. Hala ere, San Kristobaletik egindako txanda guztietan azkarrenak izan ostean, hamar segunduko altxorra zuten Castrok eta Urkiolak. Angiozarretik egin duten azken txanda motzean hobeak izan dira etxekoak, baina segundu bakarra atera diete gaurko txapeldunei. "Ederra izan da gaurko giroa, dena ondo joan da eta aurkariak ere maila handia izan dute", esan du Castrok. "Lehenengo txandatik irten gara erasoan. Rallysprintetan ez daude hainbeste kilometro eta hasieran lo hartu ezkero oso zaila egiten da buelta ematea. Azken txandan sustotxoa izan dugu baina zorionez tarteari eutsi diogu", gehitu du Urkiolak.

Zabaleta ere gustura gelditu da egindako lanarekin; pilotu bergararrak ez du normalean rallysprintik egiten, baina gogoko du Intxortakoa: "Iazko lezioa ikasita etorri gara eta lehenengo txanda segundu bakarrera amaitu dugunez, esperantza bagenuen. Hurrengo bietan ordea, lauzpabost segundo sartu dizkigu, eta azkenengoan hobeak izan arren ezin izan diogu buelta eman. Kristoren lana egin dugu eta pozik goaz etxera". Beste lehiakideak erritmoz motelagoak izan dira uneoro, baina hirugarren postuaren lehia ere estua izan da; Andoni Arrazola eta Xabier Iturriagagoitiak eraman dute hori, baita formula libre kategoriako garaikurra ere. "Ez genuen espero hain arin ibiltzerik, baina denborak irten dira eta oso gustura gaude", esan du Arrazolak. Eurengandik hamar segundora sailkatu dira Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga, Scrach kategoriako podiuma osatu dutenak. 

Sailkapenak

  • Scrach:
  1. Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (22:06).
  2. Aitor Zabaleta eta Ander Odriozola (22:15).
  3. Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga (22:58).
  • Historikoak H1: Rafael Diaz eta Xabier Petralanda (23:46).
  • Formula librea: Andoni Arrazola eta Xabier Iturriagagoitia (22:48).
  • 1. Klasea: Josu Odriozola eta Jon Eguren (26:12).
  • 2. Klasea: Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga (22:58).
  • 3. Klasea: Rafael Diaz eta Xabier Petralanda (23:46).
  • 4. Klasea: Jon Erezuma eta Ignacio Fondado (24:07).
  • 5. Klasea: Uraitz Arrieta eta Garikoitz Lasa (23:30).
  • 6. Klasea: Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (22:06).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak