Misterioz eta beldurrez jantzi dira Debagoieneko kaleak

Oier Zumarraga Aranburu

Halloween ospakizunetik aldendu eta bertako ohiturak berreskuratzeko asmoz, Arimen Gau misteriotsua ospatu dute Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Elgetan. Kalabaza, kukumarru, kalejira eta dantzen bueltan bildu dira herritarrak.

Halloween ospakizunaren ordez, bertako tradizioei lekua egin diete beste urte batez Debagoieneko hainbat herritan. Arimen Gauaren inguruko ohiturak berreskuratzeko ahalegin horretan, misterioz zipriztindu dira gaurko ekitaldiak. Kukumarruz eta pertsonaia beldurgarriz mozorrotuta, haurrek zein helduek parte hartu dute Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Elgetan antolatutako ospakizunetan.

Kalabazen kalejira estreinatu dute Bergaran

Bergaran, lehen aldiz egin dute Kalabazen kalejira, eta herritar ugari elkartu dira hitzorduan. Oxirondo azokan eman diote hasiera ospakizunari, eta handik abiatu dira erdiguneko kaleetan barrena, Irizar jauregiko parkeraino. Mozorrotutako haur eta guraso ugari batu dira ibilbidera.

Kamioi baten atzetik egin dute kalejira, bertsoek eta musikak lagunduta. Hasierako bertsoen ostean, dantzek hartu dute lekukoa. Camden Dance Studioko kideek ospakizunerako egokitutako koreografiak eskaini dituzte, eta Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzariek ere parte hartu dute. Hala, geldialdietan egindako emanaldiek osatu dute Oxirondotik Irizar parkerainoko ibilbidea.

Parkean egin dute amaierako ekitaldia. Bertan, Jardun Antzerki Eskolako kideek parte hartu dute, eta Jardunen III. Mikroipuin Lehiaketako testu irabazlea ere irakurri dute. Horrela eman diote amaiera kalabazen inguruan antolatutako lehen kalejirari.

Monterron, arimen topagune Arrasaten

Arrasaten, jendez bete da Monterron parkea, Arimen Biltzarra ospatzeko. Aurretik, Kulturolan elkartu dira herritarrak, eta handik abiatu dute kalejira, kukumarruekin batera. Haur eta nerabe ugari joan dira haien atzetik, mozorroak soinean, herriko kaleak zeharkatuz.

Monterronera iritsitakoan, Arimen Biltzarra egin dute. Herriko hainbat talderen parte-hartzearekin, antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartu dituzte ekitaldian. 

Kale-eskea eta dantzak Aretxabaletan

Aretxabaletan, ginkana baten bidez egin dute aurtengo kale-eskea. Arratsaldean, parte-hartzaileek herriko kaleetan barrena hainbat proba gainditu behar izan dituzte, kukumarruz mozorrotuta. Herriko Plazan amaitu dute ibilbidea, eta, bertan, gaztainak jateko aukera izan dute.

Ondoren, Mitarte kalean egin dute ekitaldi nagusia. Bertan, Musika eta Dantza Eskolako kideek dantzaldia eskaini dute.

Puska-batzea eta beldurrezko ipuinak Elgetan

Elgetan, urteroko puska-batzea egin dute herriko neska-mutikoek, etxez etxe. Bezperan hasi ziren prestaketekin: kalabazak husteko saioa egin zuten eskolako ganbaran, ospakizunerako apaingarriak prestatuz.

Gaur arratsaldean, berriz, puska-batzearen ostean, frontoi zaharrean elkartu dira herritarrak, jaia ospatzeko. Iluntzean beldurrezko ipuinen kontaketa saioa egin dute, eta horrekin osatu dute egitaraua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak