Aurtengoa urte esanguratsua izaten ari da On Jose Maria Arizmendiarrietaren bueltako familia, lagunarte eta enpresa-sarearentzat. 1915ean Markinan jaiotako apaiz eta ekintzailea hil zenetik 50 urte beteko dira azaroaren 29an; ondorioz, hark utzitako legatu oparoa balioetsi eta zabaltzeak garrantzi berezia hartu du hilabeteotan. Horretara dedikatzen dira egunerokotasunean hainbat entitate, eta Mondragon Korporazioaren Hedapen-taldea eta Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartea dira entzutetsuenak.
Ekaina ezkero, gune propioa
Aretxabaletako Otalora dorretxean, Mondragon Korporazioaren zuzendaritza eta garapen kooperatiboko zentroan, Arizmendiarrieta Gunea ireki zuen joan den ekainean Mondragonek. Hedapen-taldeak kudeatuta, aurrez txanda eskatu behar da txokoa bisitatzeko, mondragon-corporation.com atariaren bitartez.
Ander Etxeberria da erakusketa-gelaren nondik norakoak bertatik bertara azaltzen dituenetako bat, eta, gogoratu duenez, Arizmendiarrietak berak egiten zuen lanetako bat hartzen du orain bere gain Hedapen-taldeak. "60ko hamarkadatik aurrera, mundu mailan harridura sortzen hasi zen langilea enpresaren jabe zen enpresa-eredu kooperatiboa. Kanpotik zetorren jendeari Debagoieneko kooperatiben oinarrian dagoen ideia berritzaile hori azaltzen lehena sortzailea bera, Arizmendiarrieta, izan zen. Gerora, ideia hartatik abiatutako enpresa berrien sortzaileak, zuzendariak eta arduradunak aritu izan dira, eta, urteekin, funtzio hori profesionalizatu egin zen: lehenengo, pertsona batek hartu zuen ardura hura, eta, gaur egun, bi gabiltza Hedapen-taldearen baitan", azaldu du.
Hark emandako datuen arabera, 3.000 lagun inguru jasotzen dituzte Otaloran urtero: "Kooperatibistak direnak eta ez direnak, ikasleak, kazetariak, enpresariak eta politikariak. Esperientzia kooperatiboa ezagutzera datoz; zer garen, zergatik sortu den eta nork sortu duen jakin gura dute".
Arizmendiarrieta Gunea 2026an ireki izana ez da kasualitatea, haren heriotzaren 50. urteurrenarekin lotuta baitago. Lehenago ere erakusten zituzten haren objektu pertsonalak eta ondare intelektuala esperientzia kooperatiboari, oro har, eskainitako espazio batean, baina aurten bereizi egin nahi izan dute pertsona. "Egokia iruditu zitzaigun harentzat bakarrik muntatzea gune bat, esperientzia kooperatibotik aparte. Hona etortzen denak haren liburu eta objektu pertsonal batzuk ikusi ahal izango ditu, baina, batez ere, haren ideologia", dio Etxeberriak.

Ideiak dira ondarea
Izan ere, Arizmendiarrieta pertsona xaloa izan zen, ondasun handiak pilatzen ez zituen horietakoa: "Eta pilatu zituen apurrak gertukoen artean banatu zituen. Guri gutxi batzuk geratu zaizkigu; liburuak eta idazmakina, adibidez". Gunearen irekiera-ekitaldian haren iloba Jesus Mari Arizmendiarrietak aipatu zuen moduan, txokoa xumea izateak haren izaerarekin bat egiten du: "Halakoa zelako hura, txikia baina aberatsa. Ondasunei ez zien garrantzi handirik ematen. Horregatik, ziur nago hari ere gustatuko litzaiokeela toki hau".
Panelek azaltzen dute apaizaren ideiak nolakoak ziren. Lau ildotan banatzen direla adierazi du Etxeberriak. Batetik, pertsonaren duintasuna edo sakralitatea: "Hau da, familian eta lagunartean bezain baliagarriak garela lanean". Bestetik, elkartasuna; horren harira, Jose Maria Ormaetxea kooperatibistaren hitzak ekarri ditu gogora: "Hark esaten zuen kooperatibak sortu ziren garaietan elkartasuna erruz zegoela. Gaur egun balio hori horrenbeste ikusten ez den arren, kooperatiben oinarrian dirau". Hirugarrenez, hezkuntza: "Oinarrizkoa herri batek aurrera egiteko, eta, enpresa-mundura ekarrita, lehiakorra izateko gai izateko". Eta, azkenik, parte-hartzea: "Guztiona. Nola egikaritzen da hori? Batzar nagusian bazkide bakoitzak boto bat izanda".
Hazitik zuhaitzera
Ideia horiek funtsezkoak izan zitzaizkion 1956an Arrasateko esperientzia kooperatiboaren lehen harria jartzeko: ULGOR enpresa. Ordurako, markinarrak hamabost urte zeramatzan herrian bizi izaten. San Juan Bataiatzailearen parrokian mezak esaten hasi zen, eta berehala murgildu zen Ekintza Katolikoko Zentroko Ikasketa Zirkuluetan. 1943an, Eskola Profesionala sortu zuen, hogei ikaslerekin. 1946an, Maestria Industrialeko ikasketak amaitu zituzten hamaika gazte onenak hautatu zituen Zaragozako Ingeniaritza Industrialeko goi-mailako ikasketak egiteko. Haien artean zeuden 1956an ULGOR lehen kooperatibako bost sustatzaileak. Jasotakoa ondo xurgatuta, lan elkartuko kooperatiba sortu zuten, eta osagai elektronikoak fabrikatzeari ekin zioten. Hiru urtera, Fagor markarekin komertzializatzen zituen etxetresnak, eta 1964an beste pauso bat eman zuten, Ularco kooperatiba taldea sortuta.
Debagoieneko beste hiru kooperatiba zeuden sare hartan: Fagor Arrasate, Copreci eta Ederlan. Beraz, 60ko hamarkadarako errotzen hasiak ziren negozio-eredu demokratikoan oinarritutako enpresak bailaran. Bestelako esparru batzuetan sustatu zen eredu bera. "Bistakoa zen halako ezaugarrietako enpresak garrantzitsuak izan zitezkeela gizartea hobetzen joateko; alegia, funtzionatu zezaketela esparru industrialetik kanpora ere. Hainbat arrasatearrek kreditu, kontsumo, ikerketa, hezkuntza, nekazaritza eta etxebizitza arloetako kooperatibak sortu zituzten garai hartan", azaldu du Etxeberriak.
60 urteren ostean, Laboral Kutxak, Eroskik, Mondragon Unibertsitateak, Ikerlanek eta beste hainbat erakundek daramate Arizmendiarrietaren ideien leloa. Mondragon Korporazioaren parte dira. "Denera, 71.000 langilek eta 92 kooperatibak osatzen dute, eta 104 enpresa eratu dira atzerrian", aipatu du Etxeberriak.
Etengabe, aurrera
Lankidetzaren bidez errealitatea eraldatzea lortu zuen Arizmendiarrietak; pentsamendu hartan oinarritzen zuen haren ekinbidea. Hark utzitako ondarea zabaltzeaz arduratzen da, 2007a ezkero, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea (ALE). Hura gertutik ezagutu zuen kooperatibista-talde batek sortu zuen elkartea, eta, gaur egun, Lourdes Idoiaga oñatiarra da presidentea.
Idoiagaren iritziz, kooperatibismoa gaur egungo erronkei erantzuteko tresna gisa erabili daiteke, "hala nola digitalizazioari, gazteen lan-prekaritateari, krisi klimatikoari eta indibidualismoaren gorakadari" erantzuteko. Izan ere, kontzeptu hori ez du enpresa-eredu huts gisa ikusten, "elkartasunean, lankidetzan eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoan oinarritutako gizarte-eredu" gisa baizik. Horregatik defendatzen du Arizmendiarrietaren balioek indarrean jarraitzen dutela.
Elkartearen lehentasunetako bat ondare hori gazteengana hurbiltzea ere bada, "diskurtso idealizatuak alde batera utzita eta kooperatibismoaren benetako esperientziak erakustearen alde eginda". Arlo akademikoan hutsunea dagoela uste dute, "unibertsitate askotan eredu kooperatiboa ez delako behar beste lantzen ikasketa-programetan". Behar hori betetzeko asmoz, ALEk prestakuntza-jarduera zabala garatzen du hainbat unibertsitate eta ikastetxetan: "Urtean 70 ikastaro baino gehiago antolatzen ditugu mila ikasle baino gehiagorentzat. Besteak beste, Mondragon Unibertsitatean, EHUn, Deustu Business Schoolen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Tecnunen egiten ditugu saioak".
Horrez gain, Mondragon Team Academy komunitatean parte hartzen duten Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko hainbat ikaslek sare sozialetan eta ikus-entzunezko formatuetan hedatzen dute ideia kooperatiboek gaur egungo gazteengan duten eragina.
Ekitaldiz betetako urtea
Azaroaren 19a izango da Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearentzat urteko egun bereziena, Amaia antzokian egingo duten ekitaldiarekin. Dena den, hilabeteak daramatzate kooperatiben sustatzailearen heriotzaren 50. urteurrena gogoratzen, hainbat hitzaldiren bitartez.
Datorren urtean, gainera, hogei urte beteko ditu ALEk, eta dagoeneko badabiltza hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatzen, orain arte bezala, helburu bera jarraituta: "Jose Maria Arizmendiarrietaren ondarea ez dadila iraganeko oroitzapen hutsa izan, etorkizuneko gizartea eraldatzeko tresna baizik", borobildu du Idoiagak.
Ekitaldi nagusia, azaroaren 19an, Amaia antzokian
50. urteurreneko ekitaldi nagusia azaroaren 19rako, eguena, antolatu du Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak, Arrasateko Amaia antzokian, 18:00etan hasita. Aurrera beti lelopean, kooperatiben sustatzailearen ekarpena gogoratzeko eta pentsamendu hark gaurko gizarteari egiten dion gonbidapenaz hausnartzeko hitzordua izango da.
Herritarrei eta kooperatibismoaren inguruko pertsona eta erakundeei zuzenduta dago topaketa, eta bertaratzeko aurrez eman behar da izena –goiena.eus-eko albistean dago lotura–. Euskal erakunde instituzionaletako ordezkariek ere jaso dute gonbidapena.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ekitaldia Pilar Kaltzada idazle eta kazetariak gidatuko du. Musikaren, antzerkiaren eta hitz-hartzeen bidez, Arizmendiarrietaren ideiak gaur egungo errealitatearekin elkarrizketan jarriko dira. "Kaltzadak galderak egingo dizkio On Jose Maria gorpuztuko duen Arkaitz Gartziandia aktoreari –Hazia musikalean gorpuztu zuen apaiza–, eta, giro lasaian, hezkuntza, pertsonen parte-hartzea, berdintasuna, komunitatea, belaunaldi berrien ekarpena eta halako gaiak errepasatuko dituzte. Funtsean, oroitzapenari eta etorkizunari buruzko hausnarketa uztartuko dira", esan du elkarteko presidente Lurdes Idoiagak.
Beste une berezi bat Gontzal Mendibil kantariaren eta Goikobalu abesbatza arrasatearraren eskutik iritsiko da, Humanity at Music sinfonia kooperatiboko Oroimenez abestera kantua plazaratuko baitute elkarrekin.
Hitzartzeei dagokienez, Mondragon Korporazioko eta Kooperatiben Kontseiluko goi-karguek egingo dute berba, besteak beste.
Haren idatziak, biltegi digitalean argitaratuta
Aurten ALEk aditzera eman duen beste ekimen bat Gogoa izeneko proiektua da. Mondragon Unibertsitatearen gordailu irekian, eBiltegian, argitaratu dituzte Arizmendiarrietak eskuz eta makinaz idatzitako milaka dokumentu.
2012tik landu duten egitasmoa dela azaldu du Idoiagak: "Kooperatibismoaren dokumentu-ondare baliotsua mundu guztiaren eskura jarri nahi izan dugu, Jose Mariaren ondare intelektuala eta giza ondareak ez du-eta gutxiago merezi. Era berean, dokumentu-funtsean testu-bilaketa aurreratuak ahalbidetu nahi izan ditugu".Ikerketarako tresna
Jatorrizko dokumentuen transkripzioen demokratizazioa "ekonomia bidezkoago, inklusiboago eta parte-hartzaileago batekin konprometitutako pertsonentzako" lagungarri izango delakoan daude, "ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntza sustatzeko aukera emango dielako".
