Euskadiko Rallysprint Txapelketako azken puntuak egongo dira jokoan bihar, Intxortako III. Rallysprintean. Egiari zor, txapelketa matematikoki erabakita iritsi da hona, Aitzol Apaolatzak –193 punturekin– txapela irabazita baitu, eta, ondorioz, Intxortako lasterketa nork irabaziko duen jakitea izango da pizgarria. Aurtengoak, gainera, ez du iazkoarekin zerikusi handirik, ez ibilbidea eta ezta protagonistak ere ez dira-eta errepikatuko.
Aurten, lau igoera
Rallysprinta antolatzen duen A+Gas taldearen iazko berrikuntzetako bat izan zen Asentzioko jaitsiera. Pilotuek lau aldiz igaro zituzten bertako maldak, baina birritan beherantz joan ziren. Aurten, baina, ideia hori alde batera uztea erabaki dute. "Ordu aldaketarekin, lehenago ilunduko du; istripuak ere izan ziren. Lasterketa hainbeste ez luzatzeko hartu dugu erabakia", dio antolakuntzako kide Ander Sarrao pilotuak. Hala, lau igoera egingo dituzte hirugarren aldi honetan. Bergarako garbigunea kokatuta dagoen San Kristobaldik Kanpanzarrerainoko tartea egingo da lehenengo hiru igoeretan, 11,20 kilometroko tartea guztira; azkena, aldiz, Angiozarren hasiko da, eta 8,10 kilometroko izango ditu tarte kronometratuak. 12:00etan hasiko da rallysprinta, eta beste hiru igoerak 13:20rako, 14:40rako eta 17:00etarako aurreikusita daude. Probaren ondorioz, Kanpanzarrerako errepidea itxita egongo da 09:00etatik 21:00etara. Bestalde, autoen egiaztapen teknikoak Elgetako Salbador kalean egingo dituzte, 08:30ean hasita.
Urtero bezala, hiru sarrera-puntu izango ditu lasterketak: garbigune parean bat eta Asentzion eta Kanpanzarren beste biak. Sarrera 10 euro da. Eguraldi eguzkitsua aurreikusita dagoenez, autoak "oso azkar" ibiliko direla ohartarazi du Sarraok, jendeari bertaratzeko gonbita egitearekin batera.
Bederatzi debagoiendar
Ibilbidea bezala, protagonistak ere aldatu egingo dira aurtengo honetan. Iazko garaile Gorka Idigoras eskoriatzarra ez da irteera-puntuan egongo. Parte-hartzaileen zerrendan ageri direnen artean, Euskadiko Rallysprint Txapelketan bigarren sailkatu den Alberto Marcos eta hirugarren amaitu duen Iraitz Olariaga dira aipagarriak, baita aurten lasterketa bat irabazi duen Aingeru Castro ere. Aitzol Apaolatzak ez du lehiatuko.
Etxekoen artean, Aitor Zabaleta da lasterketa irabazteko faborito nagusia. Pilotu bergararra ez da, normalean, rallysprintean lehiatzen, –igoerak egiten ditu–, baina iaz Intxortako Rallysprinta lehiatu bakarrik ez, bigarren amaitu zuen; arantza atera gurako du, beraz. Harekin batera beste zortzi debagoiendar izango dira irteeran: Ander Sarrao, Iñigo Errasti, Asier Odriozola, Jokin Gutierrez, Jose Ferreira, Monika Munoz, Joab Garcia eta Jokin Mellado.