Dagoeneko hilabete eta erdi pasatu da Aditu Hizkuntza Biziberritzeko Formazio programa abian jarri eta hamaika parte-hartzaileek Aretxabaletan elkar ezagutu zutenetik. Garabide Elkarteak koordinatutako programaren xedea da euskararen biziberritze-prozesuan metatutako ezagutzak eta esperientziak partekatzea hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako ordezkariekin.
Kultura eta hizkuntza aniztasuna ardatz hartuta, dantzek, kantek, bertsoek eta musikak hartu zuten atzo Kurtzebarri eskolako Azken Festa. Horrekin eman zioten amaiera sei asteko egonaldiari. Denbora horretan, 100 ordutik gorako prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dute, eta hizkuntza biziberritzeko Euskal Herrian garatutako hainbat proiektu eta esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Garabidekoek azaldu dutenez, aurrekontuan moldaketak egin behar izan dituzte, eta, ondorioz, aurreko edizioetan baino parte-hartzaile gutxiago izan dituzte. Hala ere, egonaldiaren balorazio positiboa egin dute.
Hamar komunitate
Hamar komunitatetako hamaika kidek hartu dute parte programan. Erdialdeko Amerikatik, Yucatango maia eta Guatemalako maia kaqchikel komunitateetako ordezkariak eta Mexikoko ayoouk eta mixe hiztunak etorri dira; Hego Amerikatik, nasa, kitxua, ketxua, guarani eta bi mapuzugun hiztun. Afrikatik, Ekuatore Gineako bubi eta Marokoko amazig komunitateetako ordezkariak batu dira.
Esperientzia eta formakuntza
Aretxabaletan egindako harreraren eta Urkulu urtegiaren bisitaren ostean, prestakuntzari ekin zioten. Oinarri teorikoak lantzearekin batera, esan moduan, Euskal Herri osoko hizkuntza biziberritzeko proiektuak ezagutu dituzte, hainbat erakunde, ikastetxe eta eragileren eskutik. Euskalgintzaren antolaketaz eta jardunaz jabetzeko, besteak beste, Martin Ugalde Kultur Parkea, Guaixe komunikazio taldea, Euskarabidea, Arizmendi Ikastola, Euskaltzaindia, Euskarabentura eta AEK gertutik ezagutu dituzte. Kilometroak jaiaren 50. urteurrenean ere izan ziren, Lazkaon, eta hainbat udalerritan harrera egin diete. Ipar Euskal Herrira ere jo dute, euskarak ofizialtasunik ez duen eremu batean hizkuntza biziberritzeko egiten den lana ezagutzeko.
Irailaren 23tik 26ra bitartean, biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituen Bihar Nazioarteko Kongresua ospatu zuten, Bilbon, Irunen eta Hendaian. Zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten Adituko parte-hartzaileek; izan ere, lau egunez, mundu mailako 40 komunitatetako hizlarien errealitatea gertutik ezagutu zuten, Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean.
Ikasitakoa, komunitatera
Bisitetatik harago, esperientziak alderatzeko eta ikasitakoa norbere komunitatearen errealitatera egokitzeko aukera izan dute. Maria Fernanda Neculman Torres maputxeak Euskal Herriak erakutsitako antolatzeko gaitasuna nabarmendu du: "Gehien harritu nauena herri euskaldunaren antolatzeko gaitasuna izan da. Behetik, militantziatik eta konpromisotik eraikitako lana da". Patricio Maldonado Quinchuqui kitxua hiztunak, berriz, helduen hezkuntzaren inguruan ikasitakoa azpimarratu du. "Helduak online hezteko plataformak erakutsi dizkigute. Nire komunitatean ezarri edo praktikan jarri nahi dudan zerbait da", azaldu du. Rosa Beatriz Xiquita Bajanek ikastoletako irakaskuntza moduan jarri du arreta: "Erakutsi dizkiguten estrategiak irakasleekin landuko genituzke, haiek haurrei transmititu diezazkieketen".
Maria Fernanda Neculman Torres, Maputxea: "Asteotan gehien harritu nauena herri euskaldunaren antolatzeko gaitasuna izan da; militantziatik, behetik, konpromisoz, sostengatutako prozesu hori"
Patricio Maldonado Quinchuqui, Kitxua: "Helduak online hezteko plataformak erakutsi dizkigute. Nire komunitatean ezarri edo praktikan jarri nahi dudan zerbait da, estrategia baliagarria da"
Rosa Beatriz Xiquita Bajan, Kaqchikela: "Ikastolen irakaskuntza modua oso interesgarria da. Erakutsi dizkiguten estrategiak irakasleekin partekatuko ditugu, haurrengana iristeko"