Kategoria –eta txapelketa– ezberdinetan, baina Debagoieneko bi futbol jokalari aste barruan fin ibili dira ate aurrean. Realak aurrerapauso polita eman zuen atzo iluntzean Zubietan, Europa kopako final-zortzirenetan, Fenerbahçeri 2-0 irabazita. Eta gainera, Maren Lezeta izan zen lehenengo goleko protagonista. 58. minutuan, Eizagirrek erdiratutako kornerra buruz errematatu zuen aretxabaletarrak, baloia saretara bidaliz. Merezitako txaloak jaso zituen Lezetak, lesio larri batetik errekuperatzen urtebete pasa egin duelako hasierako hamaikakotik kanpo. Bigarren gola, berriz, Ainhoa Marinek egin zuen. Hala, txuri-urdinek zaroaren 11n jokatuko dute Istanbulen itzulerako norgehiagoka, baina abantaila politaz joango dira.
Andoni Ugartek gola, Espanyol kanporatzeko
Bestalde, Sestao Riverrek ezusteko galanta eman du aste barruan, izan ere, Espanyol kanporatu du Errege Kopako lehen txandan, Las Llanasen jokatutako partida ikusgarri batean 4-3 irabazita. Gainera, talde bizkaitarrean jokatzen dabilen Andoni Ugarte oñatiarrak egin zuen etxekoen goletako bat, korner bat buruz bikain errematatuta.