Gaur goizean aurkeztu dute iruditeria Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITB.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azoka, eta, aurtengo edizioan, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatuta garatu du Andoni Beristain artista gipuzkoarrak DA! Kulturaren Jaialdia-ko iruditeria. Beristainek kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. Beristainek azaldu duenez, “asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da".
Sortzaileen lana aitortu eta kulturzale berriak erakartzeko deia
Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak azaldu duenez, sorkuntzaren atzean dagoen lana aitortu nahi dute aurtengo edizioan. Halaber, euskal kulturara gerturatzen ari diren kulturzale berrien interesa azpimarratu du Gaztelurrutiak: "Euskal kultura bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi duten guztiek Durangon ateak zabalik aurkituko dituzte: etorri, sartu barruraino, arakatu, bilatu eta ezagutu zuena den mundu miragarri hau".