Kooperatibak: gehigarri berezia

Enpresa teknologikoen ekosistema du IKERLANek, balio kooperatiboak oinarri

Babestutako edukia

IKERLANeko bi langile, DIGILAB laborategian lanean.

2025ean, IKERLANek 19 milioi euroko diru-sarrerak lortu zituen enpresekin egindako I+Gko jardueren bidez. Diru-sarrera horien %80 euskal enpresetatik etorri zen, eta erdia izaera kooperatiboa duten enpresetatik egindako jardueratik

Ezagutza eta teknologia enpresen lehiakortasuna indartzen eta, horren bidez, herriaren garapen ekonomiko eta sozial jasangarrian laguntzen diharduen kooperatiba da IKERLAN. 1974az geroztik egiten du hori Mondragon Taldearen esperientziaren baitan eta Laboral Kutxaren lidergopean sortu zen enpresak, eta gaur egun, IKERLAN 400 pertsona inguruk osatzen dute; horietatik 200 lan-bazkideak dira. Halaber, 100 bat ikasle ari dira zentroan. Haren sorreratik bost hamarkada igaro diren honetan, IKERLANek bilakaera bat bizi izan du, bereziki, eragiten duen jarduera-eremuari dagokionez. 

IKERLAN "enpresa industrialen erronka teknologikoei erantzuteko" sortu zela dio kooperatibako zuzendari nagusi Ion Etxeberriak. Baina, urteek aurrera egin ahala, enpresaren jarduera-eremua nabarmen zabaldu da. "Gaur egun, askotariko sektoreetako erakunde eta enpresekin egiten du lan: energian, mugikortasunean, elektronikan, zibersegurtasunean, finantzetan, osasunean, azpiegituretan, kirolean eta retailean".

Kooperatibaren garrantzia

Etxeberriak dioenez, "belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea zaintzea eta aberastea" da IKERLANen konpromisoa; alegia, "gaur hartzen ditugun erabakien bidez, etorkizuneko belaunaldiei guk jaso duguna baino IKERLAN sendoagoa, baliotsuagoa eta eragin handiagokoa uztea". Hori lortu dezake, kooperatiba izateak "epe luzeko ikuspegia" ematen diolako IKERLANi, proiektuari "sendotasuna eta egonkortasuna" emanez eta pertsonek "proiektuarekin bat eginez". Enpresan balio kooperatiboak bultzatzea ez ezik, oinarri kooperatiboa duten enpresa teknologiko berriak sustatzea da IKERLANen apustuetako bat. 2023a ezkero dihardute horretan buru-belarri; izan ere, enpresaren misioa indartu egin zuten orduan, eta, "ezagutza eta teknologia enpresetara transferitzeaz gain, teknologian oinarritutako enpresa-ekimen berrien bidez enpresa berriak sortzearen aldeko apustua" egitea erabaki zutela dio zuzendari nagusiak. "Gure inguruko enpresa askok merkatu eta teknologia helduetan dihardute, eta, horregatik, ezinbestekoa da enpresa berriak sortzea, etorkizunean gure seme-alabek ere guk izan ditugun lan-aukerak izan ditzaten. Gainera, eredu kooperatiboan oinarritutako enpresa berriek lurraldearekiko sustraitzea indartzen dute eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasuna dute", gehitu du. Helburu hori lortzeko hainbat modu ditu IKERLANek: "Ezagutzan eta teknologian oinarrituta sortzen diren enpresa berriak bultzatuz; gure ikertzaileei enpresa horietan garatzeko aukerak eskainiz; haien gobernantzan eta kapitalean parte hartuz; eta, ahal den neurrian, gure bezeroen, bazkideen eta ekosistemako eragileen sareetara sarbidea erraztuz, haien hazkundea eta sendotzea bizkortzeko".

Enpresa-teknologikoak sortzen

Oinarri kooperatiboa duten enpresa-teknologiko berriak sortzeko helburuari helduta, azken urteetan enpresa teknologikoen ekosistema propioa garatu du IKERLANek, 2023a ezkero 70 lanpostu baino gehiago sortuta. Horren adibide dira, esaterako, Orbik Cybersecurity, Innkia Artificial Intelligence, Battbelt eta Amets Power Electronics. Orbik Cybersecurityren kasuan, gainera, Etxeberriak azaldu du "kooperatiba misto bihurtu den lehen enpresa teknologikoa" izan dela: "Eredu bihurtu da ondoren sortu ditugun eta sortuko ditugun beste enpresa berrientzat".

Orbik Cybersecurity enpresak industria-inguruneetarako zibersegurtasun irtenbide aurreratuak garatzen ditu, merkatuaren beharrei erantzuteko ikuspegi argiarekin; Innkia Artificial Intelligencek enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna indartzeko adimen artifizialeko soluzio aurreratuak garatzen ditu; Battbelt enpresari dagokionez, material adimendunetan oinarritutako teknologia garatzen du bateriak modu eraginkorrean kudeatzeko; eta Amets Power Electronics enpresak energia-sistema jasangarriago eta eraginkorragoak garatzeko potentzia elektronikako soluzio berritzaileak diseinatzen ditu.

Etxeberriak dio enpresa teknologiko berriak sortzearen estrategiak jarraipena izango duela epe laburrean, "zalantzarik gabe". Izan ere, IKERLANen helburua "teknologia berrietan oinarritutako enpresa-proiektuak sustatzen jarraitzea da, lurraldean errotuta eta epe luzeko ikuspegiarekin". Alde horretatik, IKERLANen "bi ekimen berri" lantzen ari dira gaur egun, eta horietako bat epe oso laburrean martxan jartzea espero dute, "Europarentzat estrategikoa den teknologia batean oinarrituta, gainera", Etxeberriak zehaztu duenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak