Fagor Ederlan Taldeak "ekonomia zirkularraren eta birziklatutako aluminioaren arloan duen posizioa indartzen jarraitzen du", Fagor Recycling martxan jarriz. "Sozietate berri hori Lorne Kalisky bazkide estrategikoarekin batera sortu da, eta euskal talde kooperatiboak kapitalaren %51 du bertan", azaldu du taldeak, ohar bidez. Instalazioen inaugurazio ofiziala atzo, astelehena egin zuten, Pennsylvaniako Blossburg herrian.
Ekitaldian parte hartu zuten Mikel Uribetxebarriak, Fagor Ederlan Taldeko presidenteak; Jon Zuazok, taldeko zuzendari nagusiak; eta Lorne Kaliskyk, konpainiako bazkide eta Ipar Amerikako aluminioaren birziklapen sektoreko erreferenteak. Halaber, ekitaldian izan ziren Tioga Countyko, Pennsylvaniako Gobernadorearen bulegoko, Estatuko Senatuko eta Blossburgeko Udaleko ordezkari instituzionalak, baita plantako etorkizuneko langileak, haien familiak eta tokiko komunitateko kideak ere.
Fagor Recycling birziklatutako aluminiozko lingoteen ekoizpenean eta material birziklagarrien balorizazioan espezializatuko da. Hala, plantak askotariko aluminio-aleazioak fabrikatuko ditu, material birziklatua soilik erabiliz, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako merkatura eta automobilgintza, eraikuntza eta kontsumo-ondasunen sektoreetara bideratuta.
"Hazkunde progresiboko" plan bat
Instalazioak urteko 12.000 tonako ekoizpen-ahalmenarekin ekingo dio jarduerari. "Hazkunde progresiboko plan baten bidez, datozen urteetan 36.000 tonako urteko gaitasunera iristea aurreikusten dugu", gaineratu du taldeak, ohar bidez. Era berean, hasierako lantaldea 20 pertsona ingurukoa izango da, eta hedapen-faseak garatu ahala, 60 lanpostu zuzenetara iristea aurreikusten dute.
Ikuspegi ekonomikotik, konpainiak bere lehen jarduera-urtean 40 milioi dolar inguruko fakturazioa lortzea aurreikusten du, eta aurreikusitako hazkunde-plana osatutakoan, urteko 100 milioi dolarretik gora gainditzea du helburu.