1976an gasolio-galdara osagarriak egiten hasi ziren, Azpeitian, gaur egun DOMUSA TEKNIK den enpresa sortu zutenak. Galdarak egiteko proiektu txiki hura, Teofilo Dominguez eta Josefina Usabiaga buru zituela, industria-proiektu sendo bihurtu da bost hamarkadatan.
Hasierako lantegi hartatik Errezilgo kooperatibara, bidea etengabeko bilakaerak, berrikuntzak eta eraldaketak markatu dute. Gaur egun, berokuntzatik harago doazen klimatizazio-soluzioak garatzen dituzte, eta 30 herrialde ingurutan merkaturatzen dituzte produktuak.
Hasieratik, lana izan da proiektuaren oinarria. "Lan eta lan ibiltzea izan zen hasiera", gogoratzen du Josefina Usabiagak, sortzaileetako batek. Teofilo Dominguez ekintzaile eta lider karismadunak bihurtu zuen galdaren sektorean aurretik pilatutako esperientzia enpresa berriaren abiapuntu. Horrela hasi zen gaur egunera arte iraun duen ibilbidea.
Kooperatibara jauzia
Enpresak ez du produktuen garapenean bakarrik egin aurrera. 1986an, ekoizpen-gunea Azpeititik Errezilgo San Esteban auzora eraman zuten. Hamahiru urte geroago, beste urrats erabakigarri bat egin zuten enpresaren forma eta etorkizunean; izan ere, 1999an, DOMUSA TEKNIK kooperatiba bihurtu zen, Mondragon Korporazioan integratuta, Fagorrekin lotutako integrazio-prozesuaren bidez.
Garaian bertan lanean ari zirenek aitortu dute ez zela "erabaki erraza" izan. Kooperatibismoa ez zen gertuko eredua guztientzat, eta zalantzak izan zituzten. Trantsizio hartan, Jesus Cataniaren laguntza izan zuten, kooperatibismoa zer zen eta nola funtzionatzen zuen azaltzeko. Azkenean, urratsa egin zuten, eta egitura juridikoaren aldaketa baino gehiago izan zen: enpresaren kultura eta filosofia eraldatzeko bultzada ere ekarri zituen. Proiektua ulertzeko beste modu bat; alegia, pertsonak eta lana erdigunean jartzen dituen eredua.
1999an, kooperatiba izatera pasatu ziren, "pertsonak eta lana" enpresaren erdigunean jarrita
Eraldaketa horren eta bilakaeraren lekuko eta protagonista izan da Daniel Castander. 1999an, zuzendari nagusi kargua hartu zuen, eta 25 urtez funtsezko zeregina izan zuen DOMUSA TEKNIKen garapenean. Ikuspegi estrategikoak eta erabaki ausartak hartzeko gaitasunak markatutako zuzendaritzan, sektorearen erronkei eta aukera berriei aurre egin zien, eta mugarri garrantzitsuak ezarri zituen. Lankidetza sustatzeko moduan ere eragina izan zuen.

Berritzea, hazteko bidea
Merkatuaren bilakaerak eraldaketa etengabea eskatu dio DOMUSA TEKNIKi. Hasierako gasolio-galdaretatik abiatuta, produktu-eskaintza dibertsifikatzen joan da, eta berrikuntza izan du hazkundearen motorretako bat. Urteek aurrera egin ahala, biomasa, eguzki-sistemak eta bero-ponpak etorri dira. Gaur egun, berokuntzatik harago doa enpresaren eskaintza: klimatizaziorako soluzio osoak eskaintzen ditu, aerotermia eta energia berriztagarriak ardatz hartuta. Geotermia ere kooperatibaren katalogoan txertatzeko bidean da aurten. "DOMUSAk gaur egun duen posizionamendua ondo egindako lanaren ondorioa da. Merkatua ondo zaindu behar da, eta hori egin du DOMUSAk azken 50 urteetan", dio Imanol Oleagak, DOMUSA TEKNIKeko zuzendari nagusiak. Bezeroa erdigunean izatea eta merkatuaren beharrei adi egotea izan dira, hain zuzen, bide horren gakoetako batzuk.
Nazioartean zabaltzea
Errezilen diseinatu eta ekoitzitako produktuak 30 herrialde ingurutan daude gaur egun. Bereziki, Frantzian, Italian eta Portugalen du presentzia egonkorra. Nazioarteko merkatuetan presentzia sendotzea lortu du kooperatibak; baina hori ez du ekoizpena herrialde merkeagoetara eramanez eskuratu. Mundura zabaltzea lortu dute, tokiko sustraiak galdu gabe. Izan ere, Errezilgo lantegia eta bertako ezagutza dira proiektuaren oinarrietako batzuk.
Nazioarterako jauzia eman zuten, eta 30 herrialdetan daude, "guk egina" bermearekin
Etorkizuneko erronkak
Sektorearen etorkizuna erabat baldintzatu dute Europako Itun Berdeak eta etxebizitzen deskarbonizazio helburuek. Hala ere, erronka horri ekiteko egoera "bikainean" dago, irtenbide teknologiko adimendunekin erabiltzaileari efizientzia maximoa eskainiz eta, aldi berean, instalatzaileei euren eguneroko lana nabarmen erraztuko dieten erremintak bermatuz.
50 urtez, bidea elkarrekin
50 urte geroago, hasierako lan egiteko gogo hura bizirik dago proiektuan. Errezilen sortu, mundura zabaldu eta elkarrekin egindako bidea da DOMUSA TEKNIKen historia. Eta ospakizunak ez du atzera begiratzeko soilik balio: datozen urteak ere elkarrekin eraikitzeko abiapuntua da.