GOIENA.EUS-en itzulpen aukeren artean orain errumaniera eta portugesa ere bai

Mirari Altube Arrese

Euskarazko toki komunikabideak batzen dituen Tokikom taldeak bi hizkuntza gehitu ditu komunikabideen webguneen itzulpen sisteman: errumaniera eta portugesa. Aukera berriak erabilgarri daude dagoeneko itzulpen automatikoko laguntzailea aktibatuta daukaten webgune guztietan, GOIENA.EUS-en esaterako.

Itzulpen sistemaren helburu nagusia da toki komunikabideen edukia gerturatzea euskal komunitatetik hurbil bizi diren beste hizkuntza komunitate batzuetako kideei. Hala ere, euskarazko toki komunikabideen xede, sistemak albisteen titularrak eta sarrerak baino ez ditu itzultzen, argi utzita mamia eta balio erantsia euskarazko edukian dagoela. Itzulpen automatikoko aukera, gainera, erredakzioak sortutako edukian agertzen da soilik, eta ez kanpotik, komunitateko kideek, ekarritakoan. Orain zazpi hizkuntzatara itzultzeko aukera dago, bi hizkuntza horiek batu zaizkie eta aurretik zeudenei: katalana, galegoa, gaztelera, ingelesa eta frantsesa.

Taupa Mugimenduak eta Soziolinguistika Klusterrak emandako informazioa baliatu du Tokikomek Euskal Herrian dauden atzerriko hizkuntzarik ohikoenak zerrendatzeko, eta horiek aukeratu ditu itzultzailean txertatzen joateko. Azken garapena teknikoki errazenak diren errumaniera eta portugesarekin hasi da, eta datozen hilabeteetan ukrainera, arabiera eta txinera ere batuko dituzte zerrendara.

Itzultzailearen garapen teknikoa Vicomtechek egin du, Tokikomekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek dirulaguntza programaren barruan dagoen SortuAI egitasmoaren baitan. Itzulpen aukerak webguneetan eskaintzeko garapena, berriz, Tokikom Plataforma garatzen duen CodeSyntaxen lanaren emaitza da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak