Ta berriz izango gara zoriontsu gure herriko mintzapraktikan leloarekin batera abiatu dute Euskal Herriko mintzapraktiketan izena emateko kanpaina. Egitasmoaren helburua, euskaraz aritzeko espazioak sortzea da eta parte-hartzaileei hizkuntza erabiltzeko segurtasuna ematea. Horretarako, euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hobetu nahian dabilen talde batekin elkartzen da, eta, normalean, astero biltzen dira, askotariko gaien inguruan hitz egiteko.
Mintzapraktikako parte-hartzaileek euren zaletasunak euskaraz partekatzeko aukera izango dute: mendira joan, irakurri, umeekin familian aritu edo interes berak dituzten lagun berriak ezagutu. Horrela, hizkuntza praktikatzeko espazioaz gain, euskarazko harremanak sortzeko aukera ere eskaini gura du egitasmoak. Gaur egun, 7.000 lagun inguru biltzen ditu egitasmoak; aurrez-aurre eta online motako ikastaroetan.
Izena emateko
Debagoienean, herriko euskara elkarteekin harremanetan jarriz egin daiteke: AEDrekin Arrasaten, Jardunekin Bergaran eta Loramendirekin Aretxabaletan. Elgetan eta Eskoriatzan, berriz, udalen bidez antolatu dute egitasmoa. Interesa duten herritarrek honako helbide elektronikoetara idatzi dezakete:
- Arrasate: zaharberri@aedelkartea.eus
- Elgeta: berbetan@elgeta.eus
- Eskoriatza: berbalagunak@gmail.com
- Bergara: jardunkultura@taupamugimendua.eus
- Aretxabaleta: auzoko@loramendielkartea.eus