Gipuzkoako foru diputatu Eider Mendozak egin du agerraldia, Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrerekin batera, aurtengo eta datorren urteko itxiera aurreikuspenei dagokienez euskal erakundeek egindako azterketaren berri emateko. Hala, Gipuzkoako ehun ekonomikoa "indartsu" dagoela eta "dinamismo positiboari eusten" ari dela adierazi zuen Mendozak. Horrek hasierako aurreikuspenak gainditzea ahalbidetu duela eta urtea 7.080 milioi euro inguruko diru-bilketarekin itxiko duela adierazi du; alegia, 2026rako egindako kalkuluak baino %1,3 gehiago eta iazko ekitaldian baino 355 milioi gehiago biltzea aurreikusten da. 2027ra begira, Finantzen Euskal Kontseiluan egindako aurreikuspenek diote Gipuzkoako diru bilketan %5,7ko igoera egongo dela; 2026ko itxiera aurreikuspenetan baino 401 milioi gehiago (guztira, 7.481 milioi euro).
%3ko deflaktazioa
Bestade, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak jakinarazi du hiru lurraldeek erabaki dutela 2027rako %3ko deflaktazioa proposatzea, "inflazioak EAEn dituen ondorioak arintzeko". "Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Eustaten datuen arabera, soldatak inflazioaren antzeko mailara igo badira ere, gure lurraldean erosketa saskiko edo hidrokarburoetako prezioen igoerak eskatzen du deflaktazio hori 2027rako aplikatzea, prezioen igoera horren eragina arintzen lagundu ahal izateko", azaldu du. Deflaktazioaren aplikazioak 48 milioi euroko eragina izango du zergadunen alde.
9,1 milioi gehiago udalentzat
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek jakinarazi du Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak (UFFF), "Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak", 730 milioi euroko zuzkidura izango duela; aurreikusitakoa baino 9,1 milioi euro gehiago. Herriz herri, honako hau da egoera:
| Herria | 2026ko aurrekontua | 2026ko itxiera aurreikuspena | Biztanleko euroak |
| Antzuola | 1.963.466 | 1.988.331 | 1.014 |
| Aretxabaleta | 6.875.153 | 6.962.219 | 1.019 |
| Arrasate | 21.084.429 | 21.351.438 | 1.019 |
| Bergara | 13.826.344 | 14.001.438 | 1.019 |
| Elgeta | 1.182.009 | 1.196.978 | 1.128 |
| Eskoriatza | 4.053.289 | 4.104.619 | 1.022 |
| Leintz Gatzaga | 469.173 | 475.114 | 2.428 |
| Oñati | 11.030.450 | 11.170.138 | 1.021 |