Ukabilak altxa dituzte Misolek, Muñozek eta Garagorrik Bergaran, zaleen aurrean

Xabier Urtzelai

Boxeo jaialdi emankorra izan zen atzo, zapatua, Bergaran egin zutena. Hamabi borrokaldietatik hirutan debagoiendarrak igo ziren ringera, eta hirurek egin zuten lan borobila. Haizea Misolek, Oier Muñozek eta Mikel Garagorrik irabazi egin zituzten euren borrokak.

Haizea Misol izan zen ringera igotzen lehenengoa, eta Sorabox Durangoko haizea Larudoren kontra indartsu hasi bazen ere, hirugarren roundera erabat lehertuta iritsi ziren bi boxeolariak. 16 urteko gazteak izanda, badute hauspoa lantzeko eta esperientzia hartzeko denbora. "Lehenengo roundean oso ondo ikusi dut Haizea, baina egia da ondoren beherakadatxoa izan duela. Hala ere borrokaldia irabazteko kapaz izan da, horrenbestez, ondo", adierazi zuen haren entrenatzaile eta jaialdiko antolatzaile Ixa Rodriguezek.

Bailarakoen artean Oier Nuñez izan zen hurrengoa ringera igotzen, arratsaldeko hirugarren borrokaldian. Bergarakoa oso ondo ibili zen Nafar Sustraiakeko Alvaro La Fuenteren kontra. "Gaur Oier, Oier izan da, berak dakien moduan borrokatu du eta oso ondo ikusi dut, oso borrokaldi ona egin du", adierazi zuen Rodriguezek. Eta, iluntzeko seigarren borrokaldian igo zen ringera azken debagoiendarra, hau ere Bergarakoa, Mikel Garagorri. Harmailetan lagun asko zituen animoak ematen, eta Garagorrik ez zuen kale egin. Iparboxeko Aritzen kontra oso ondo jardun zuen. "Hiru roundak egin ditu onak, ez du bakarrean hutsik egin, oso pozik gaude gaur hiru boxeolari hauek emandako mailarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak