2024ko apirilaz geroztik, 70 kontzertu baino gehiago eman ditu Idoia Asurmendi musikari aramaioarrak, De amar y desandar izeneko diskoaren bueltako biran. Euskal Herrian, Espainian eta Latinoamerikan —Kolonbia, Argentina eta Uruguai— barrena ibili da denbora tarte horretan, eta Arrasateko Amaia antzokian eman ditu biraren azken bi pausoak, "zikloa etxean amaitzeko".
Debagoiendarrek ez zuten hutsik egin, eta ziztu bizian agortu ziren hilaren 17rako iragarritako kontzertuko sarrerak. Horren eraginez, bigarren data bat iragarri zuen Asurmendik, hilaren 16rako. Azkenean, bi egunez, betetako Amaia antzoki baten aurrean izan da aramaioarra.
Kontzertu bereziak
Bereziak izan dira azken bi kontzertu hauek. Hala aitortu zuen Asurmendik oholtza gainetik: Gaurkoa berezia da, eta urduri nago. Urduritasuna ilusioarekin batera dator nire kasuan, eta gaurkoa berezia da, batetik, bi urte eta erdiko ibilbidea duen disko bat agurtuko dudalako. Bide luzea du, duela bi urte eta erdiko diskoa izan arren aurretik ere kantuak bazirelako. Bestetik, berezia da, etxean gaudelako, etxetik oso gertu. Zuen artean aurpegi ezagun asko daude, eta gu gogotsu geunde". Esker hitzak ere izan zituen hurbildutako jendearentzat: "Eskerrik asko aretoa betetzearren, bihotz-bihotzez".
Berezitasuna beste alde batetik ere heldu zen, izan ere, Asurmendirekin batera, beste hainbat artista igo ziren oholtza gainera, tartean, Bea Asurmendi ahizpa, Maria Oses, Olatz Salvador —bideoan ikusgai— eta Leire Etxezarreta. Hunkituta mintzatu zen aramaioarra artista eta lagun hauen presentziaz: "Kolaborazio hauek zuentzat opari bat dira, baina, niretzat ere opari bat direlako egiten ditut. Opari bat da beste artista batzuekin, lagunekin, oholtza partekatzea. Bizitzak eman didan gauza ederrenetako bat musika baldin bada, musikak eman didan gauzarik ederrena jendea izan da".
Kolaborazioez gain, emanaldi gogoangarria utzi zuen Asurmendik Amaian. Ikusleak erabat murgildu ziren aramaioarraren kantuetan. Aipagarria izan zen, esaterako, Un último baile bajo el aguacero kantua jo zuen zatia, izan ere, Amaia antzokia zutik eta dantzan jartzea lortu zuen, ostean txalo zaparrada handia jasoz.
