Testuak ulertzeko testuinguruak PISAtzen duena

Jokin Bereziartua Lizarazu

Azken PISA txostenak EAEn utzi dituen emaitzek harrabotsa sortu zuten duela hilabete pasa; gurean irakurmenaren beherakada izan da hezkuntzako eragileen artean kezka handiena sortu duen konpetentzia. Emaitzek ez dute harridurarik sortu ikastetxeetan, eta adituek diote, besteak beste, datuok ondo interpretatzeko testuingurua eta ebaluazio sistema propioa ere aintzat hartu behar direla.

Beherakada hiru konpetentzietan, eta, bereziki, irakurmenean. Hori da OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hiru urtean behin egiten duen PISA ebaluazio-txostenaren emaitzek EAEn utzi duten datu kezkagarriena. 2025eko ikerketa oinarri, irakurmenean, matematikan eta zientzian "inoizko mailarik txikiena" antzeman du PISAk; 91 estatutako 15 urteko 760.000 ikaslek parte hartu zuten ikerketan iaz –munduan 33 milioi ikasle daude adin horretan–, eta irailaren 8an aurkeztu zituzten mundu mailako datuak. 

Irakurmena hauspotzeko neurriak

EAEn irakurmenean izan da beherakada handiena, baina testuak ulertzeko ariketan testuinguruak asko pisatzen du. Debagoienean ere kezka handiena sortu duen konpetentzia da. "Irakurketaren ulermenaren inguruko emaitzak Arizmendi Ikastolako profesionalentzat ez dira sorpresa izan. Gure irakasleek azken urteetan mahaigaineratu izan duten kezka da, ikasgeletan ikusten dutena. Hein handi batean, kezka hori PISAk datuz baieztatu duela ematen du", dio Arizmendi Ikastolako zuzendari Mireia Muruamendiarazek. Antzeko kezka du Arrasate Herri Eskolako zuzendari Iratxe Salaberriak: "Emaitzek ez gaituzte bereziki harritu, aurretik ere gure barne-ebaluazioetan antzeko zailtasunak antzematen ari ginelako. Irakurketan, ulermenean, idazketan eta, oro har, hizkuntzaren esparruan dugu kezka handiena". Bergarako Mariaren Lagundiko zuzendari Nagore Muruak uste du ikastetxeetan "bai ala bai" egon behar dela "sistematikoki antolatutako" irakurketa estrategia bat: "Arazoa badagoela jakinda, estrategiak garatzea dagokigu adin tartearen edo zikloaren arabera; DBHn, adibidez, astean behin ikasgai bakoitzeko jarduna irakurketaren bitartez antolatzen dugu. Ikasleak ez daude ohituta, gozamenetik ez bada, testu luzeak irakurtzera. Badugu lana, bai". 

PISAren azken emaitzak heldu aurretik, kezka hedatua zegoen Arrasate Herri Eskolan ere. "Iazko ikasturtean diagnostikoa egin, eta 2025-2027ko aldirako Hobekuntza Plana prestatu genuen. Irakurketa Plana ere garatu dugu, eta irakasleon prestakuntzan sakondu. Ikasturte honetan neurri horiek modu sistematikoan ari gara ikasgeletara eramaten; besteak beste, eguneroko irakurketa dugu, irakurtzeko moduak erabiliz eta irakurketa, idazketa eta ahozkotasuna indartzeko hainbat praktika sistematizatuz. Azken PISA heldu aurretik antzemandako behar bati erantzuteko abiatu genuen prozesua, eta prozesu horretan jarraitzen dugu; gure helburua ez da proba jakin baterako ikasleak prestatzea edo une jakin batean emaitza hobea lortzea. Eguneroko jardunean irakurketa, ulermena, idazketa eta ahozkotasuna modu sistematikoan landu nahi dugu, ikasleen benetako gaitasunak pixkanaka sendotzeko", dio Salaberriak. 

Batxilergoko irakasle bat, proiektorea lagungarri duela.

Irakurmenaren beherakadaren harria, "bi mailatan" jardun behar dela dio Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikerlari Paula Alvarez Huertak: "Batetik, ikasle guztientzako praktika orokorrak landu litezke, irakurketa-idazketaren ikaskuntza ahalik eta lasterren hastea, ebidentzian informatutako jardunbideei jarraituz, eta irakurtzeko motibazioa zaintzea, adibidez, liburutegi aktiboekin, irakurle-klubekin eta gelan irakurketa-denborak bermatuta. Bestetik, praktika horiek laguntza indibidual zehatzagoekin osatzea komeni da, behar duten ikasleentzat, zailtasunak garaiz detektatuz eta haien bilakaerari jarraipena eginez. Eta hori guztia ikastetxe bakoitzak bere emaitzei buruz egindako hausnarketatik abiatuta egitea lagungarri da, ekintzak testuinguru bakoitzera egokitzeko".

Teknologia berriak, euskara eta harrera

Arizmendi Ikastolan, duela hiru urte, "teknologia berrien erabilera eta hizkuntza" zehaztu zituzten hobekuntzarako eremu bezala: "Teknologia berriak arrazoi bakarra ez badira ere, beherakadaren arrazoietako bat gailu digitalen gehiegizko erabilera da. Gai horren bueltan hausnartzen hasi, ikerketa egin eta gure Marko Tekno-pedagogikoa idatzi genuen; bertan, ikaskuntza prozesuan gailu digitalen erabilera osasuntsu baterako irizpideak finkatzen dira, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Horrek aldaketa batzuk egitera eraman gintuen; esaterako, ordenagailuen erabilera murriztea eta paperarena areagotzea. Horrek ez du esan nahi ordenagailuak guztiz alboratu ditugunik, ikasleen konpetentzia digitala garatzeko gailu horiek balio erantsia ematen duten uneak identifikatu ditugu eta horietan erabilera arduratsua sustatu dugu". Hizkuntzari erreparatuta, ikastolako hizkuntza-harrera gelaz eta murgiltze-ereduaz dihardu, besteak beste, Muruamendiarazek: "Gure herrietan euskara ondo menperatzen ez duten pertsona asko daude, eta haiei inklusio arrakastatsu baterako bideak erraztu behar dizkiegu. Horretarako, ikastolak alor honetan baliabide nahikorik ez jaso arren, hizkuntza-harrera gela martxan jarri dugu, Elekari izenez ezagutzen duguna. Gainera, ikastolon murgiltze-eredua birpentsatzen hasiak gara, haur eta gazte guztiek izan dezaten eguneroko bizitza euskaraz eta euskaratik egiteko aukera". 

Mariaren Lagundian harrera-plana berritzear daude: "Errealitateak diosku ezin dugula izan tratu bera ikasle guztiekin. Pakistandar jatorriko ikasle batekin, ez euskara eta ez gaztelera, euskaran murgiltzea dugu lehen aukera, baina badaude kasuak, Erdialdeko Amerikatik edo Hego Amerikatik datozen ikasleak kasu, non malguak izan behar dugun eta gaztelerara jo, ez daitezen atzean geratu haien ibilbide akademikoan. Ikastetxetik kanpo ere egon beharko litzateke laguntza euskara-maila minimo bat bermatzeko. Erronka itzela dugu, baina ez ikastetxeok bakarrik; gizarte osoaren erronka da. Jaurlaritzaren hizkuntza politika, adibidez, ez da behar besteko tinkoa".

Familiak pisu handia dauka PISAn

PISAren emaitzen analisiak dituen hamaika ertzen artean, Indize Sozioekonomikoa eta Kulturala (ISEK) da aipatu beharreko aldagaietako bat, familiaren maila sozioekonomikoak eta kulturalak eragin handia duelako. Huheziko ikerlari Paula Alvarezek dio gai oso delikatua dela: "Egoera konplexuetan dauden ikasleek, batez beste, emaitza kaskarragoak lortzen dituzte, baina ezin gara deterministak izan. Indize sozioekonomikoak neurtzen duen konplexutasunaren atzean baliabide gutxiago dituzten eta laguntza gutxiago eman dezaketen etxeak daude, baina baita ikastetxe segregatuak eta baliabide gutxiago dituzten irakasleak ere. Horregatik, PISA lagungarri izango da baliabide gehiago non jarri behar diren identifikatzeko eta segregazioaren aurka jarduteko. Sailkapenetan eta azalpen sinplistetan geratuz gero, ez du ezertarako balioko". Eta, ikaslearen jatorriari dagokionez, Alvarezek dio atzerrian jaiotako ikasleek errendimendu txikiagoa lortzeak ez duela esan nahi jatorriak emaitzak zehazten dituenik: "Talde horren barruan aldakortasun handia dago; eragina dute iristeko uneak, etxeko hizkuntzak, aurretiko eskolatzeak eta baldintza sozioekonomikoek. OCDEk berak ohartarazten du jatorri migratzailearekin lotutako errendimendu-aldeak ezin direla ondo interpretatu ikasleen ezaugarri sozioekonomikoak eta linguistikoak aldi berean kontuan hartu gabe. Emaitzak ere eskaintzen den laguntzaren araberakoak dira. Horregatik, komeni da PISA ekitatearen ikuspegitik irakurtzea eta galdetzea zer behar duen sistemak testuinguru ezberdinetako ikasleek garapen konpetentzial bera lor dezaten. Horretarako, laguntza egokiak eta garaiz eskaini behar dira, hala nola hizkuntza-laguntza, harrera, banakako jarraipena, familiekin lana eta segregazioaren aurkako politikak".

"Kontu handiz" interpretatu beharra

Hiru ikastetxeotako arduradunen iritzi orokorra da, egoera kezkagarria izanda ere, PISAren emaitzok "kontu handiz" interpretatu behar direla. Halaxe dio Salaberriak: "Ez dituzte ikasleen egoera emozionala, testuinguru soziala eta familiarra, harremanak edo ikaskuntza baldintzatzen duten beste hainbat faktore kontuan hartzen. Guretzat PISA beste datu bat da, baina ez errealitatea bere osotasunean azaltzen duena. Emaitzok aztertu ditugu, gure ikasleen eta ikastetxearen errealitatearekin alderatu eta, hortik abiatuta, hobekuntza-neurriak martxan jarri". 

Muruamendiarazek dio datu propioen zain daudela Arizmendin: "Partekatu dezakegun iritzia komunikabideetan atera diren emaitza orokorren gainekoa da; emaitzak ez dira onak, badira sintoma, eta aintzat hartu beharrekoak dira. Aurrez landu gabeko azterketa-eredu jakin baten bitartez hiru konpetentzia soilik neurtzen dira: euskara, gaztelania eta matematika. PISAk argazki partziala ematen digu, eta gure egitekoa hori baino askoz zabalagoa da. Ikaslea bere garapenean laguntzea, ikuspegi osoagotik. Gure datuak ditugunean, sakon landuko ditugu". Eta honako gogoeta hau gaineratu du Mariaren Lagundiko Nagore Muruak: "Txinak sekulako emaitzak lortu ditu PISAn, baina halako hezkuntza eredu zurruna da gure ikasleentzat nahi duguna?". 

Maila baxuak gora egitearen azalpen bila

Hiru konpetentzietan egin du gora maila baxuko ikasleen kopuruak –irakurmenarena da, hor ere, datu kezkagarriena, ikasleen %25 geratzen delako oinarrizko mailaren azpitik edo mugan–, baina Alvarezek dio arlo horretan ere faktore asko daudela: "Probak neurtzen duenaren eta eskolan lantzen denaren arteko egokitasunik eza; digitalizazioak ekarritako aldaketei lotutako kontzentrazio-arazoak; ikasle guztiek behar duten laguntzarik ez izatea, etxean zein ikastetxean; edo ikasleen profilari erantzuten ez dioten metodologiak. Baina horiek hipotesiak dira, ez erantzunak. Pisu handiagoa zeinek duen jakiteko, bertako testuinguruan oinarritutako ikerketak behar ditugu".

Batxilergoko ikasleak eta irakurtzeko ohitura

Aisha Luengo, ikasle arrasatearra: "Klasetik kanpo ez daukat ohiturarik irakurtzeko, ezta denborarik ere. Udan irakurtzen dut, apur bat. Batxilergoan, irakurtzeko testuak askoz luzeagoak direnez, arreta mantentzea gero eta gehiago kostatzen zait; nabari dut ahalegin handiagoa egin behar izatea testuak ulertzeko. Liburu fisikoak ezin ditugu alboratu baina klasean irakurri beharreko liburuetan ikasleon interesak aintzat hartu behar dira. Irakurtzera behartzea ez da irtenbidea". 

Lia Uribarren, ikasle arrasatearra:"Txikitatik dudan irakurtzeko ohitura mantentzea zaila egiten ari zait batxilergoan nagoenetik. Ikasturtean zehar nekatuta heltzen naiz etxera eta apenas dut gogorik irakurtzeko. Udan, Aste Santuan eta Gabonetan gustuko dut, eta gozatu egiten dut. Amak beti irakurri izan du etxean... Klasean gehiago irakurri beharko genuke baina behartu barik. Pantailak ez dira bidelagun ona. Aspertzea ahaztu egin zaigu, mugikorrari lotuegi bizi gara".

Ane Oña, ikasle bergararra:"Hasieran ez zen nigandik irteten baina gurasoek eraginda, txikia nintzenetik irakurtzen dut etxean. Gaur egun etxean irakurtzeko ohitura badaukat, irakurtzen gozatu egiten dut. Ikasgelan, orain arte, azterketara begira bidali izan digute liburu bat irakurtzeko. Batxilergoko ikasleen artean, nire inguruan behintzat, ez da ohikoena egunerokoan irakurtzea. Pantailekin gazteegi hasten gara, eta arreta mantentzea gero eta zailago egiten zaigu". 

Erik Izagirre, ikasle bergararra:"Gazteagoa nintzenean gehiago irakurtzen nuen baina gaur egun klasetik bidaltzen didatena irakurtzen dut; ez daukat ohiturarik nire kabuz irakurtzeko. Irakurtzeko ohitura galtzen ari gara, eta asko islatzen da hori gure eguneroko idazketan. Sare sozialen eta teknologiaren erabilera okerrak asko baldintzatzen du gure egunerokoa. Ikasgelan erreminta teknologikoak izatea ondo dago baina ez dut uste erabilera onena ematen diegunik". 

Beñat Zubizarreta, ikasle aretxabaletarra:"Udan hartu nituen pare bat liburu baina, egia esan, hautsa hartzen ari dira. Umetan liburuak irentsi egiten nituen baina digitalizazioarekin irakurtzeko grina galdu dut... Mugikorra gero eta gazteago hartzen dugu eta uste dut hori dela arazo nagusia. Arreta mantentzea gero eta zailagoa zaigu, eta dena nahi dugu berehala; liburu fisikoa berreskuratzen joan behar garela uste dut, eta pantailen erabilera murrizten".

Ixiar Bikuña, ikasle aramaioarra:"Irakurtzen dudan gehiena klasetik bidalitakoa izaten da. Udan irakurtzen dut apur bat baina ez dago nire zaletasun nagusien artean; hastea kostatzen zait baina liburua gustuko badut harrapatu egiten nau. Klasean irakurri behar izaten ditugun liburuekin tertuliak egin izan ditugu, baina askoz gehiago ez. PISAko datuek kezkatu naute, baina harritu ez. Digitalizazioa eta adimen artifiziala presenteegi daude gure egunerokoan".

Paula Alvarez: "Emaitzek eurek baino gehiago, emaitzon gaineko irakurketa azkarrek harritu naute gehien"

Huheziko ikerlari Paula Alvarez Huertak (Oviedo, Asturias, 1980), emaitzak "kezkagarriak" izanda ere, azpimarratu du PISA "une jakin bateko argazkia" dela.

Zu zeu harritu zara PISAren azken emaitzak ikusita?

Egia esan, bai. Irakurmen-ulermenaren beherakada nabarmena eta kezkagarria da, eta serio hartu behar da. Hala ere, kontuz interpretatu behar da; PISAk gaitasun zehatzak neurtzen ditu, 15 urteko ikasleen lagin batean eta une jakin batean; beraz, informazio garrantzitsu baina partziala ematen du. Ez dio ikasleen lagin horri jarraipenik egiten, ez da ikasle bera aztertzen hainbat unetan; beraz, ez dakigu zein den abiapuntua, zein esperientzia eta zein haien gaitasunen bilakaera. Une jakin bateko argazkia da. Horregatik da garrantzitsua datuak ondo irakurtzea, ebaluazioaren mugak kontuan izanda. PISA datu bat gehiago da, eta osatu egin behar da, ISEI-IVEIk egiten dituen kanpo-ebaluazioekin, ikastetxeetako barne-ebaluazioekin eta gai horiei buruzko ikerketa zehatzagoekin; ikuspegi kuantitatiboekin ez ezik, kualitatiboekin ere bai, gure hezkuntza-sistemako errealitatearen irudi argiagoa lortzeko. 

Eta zergatik uste duzu hautsak horrenbeste harrotu dituela?

PISA sailkapen bat da, herrialdeak alderatzen ditu, eta horrek beti pizten du interesa. Gai konplexu bat zifra gutxitan laburtzen du, eta horrek titular azkarrak eta irakurketa politikoak errazten ditu. Edizio honek aurrekoek baino leku askoz handiagoa hartu du hedabideetan, eta errudunak azkarregi seinalatu dira, emaitzak faktore batzuei egotzita eta beste batzuei ez. Eragina du gaiak, halaber, hezkuntzak gizarte osoari eragiten diolako .

Azken hilabeteko erreakzioren bat azpimarratuko zenuke?

Gehien harritu nauena izan da zenbait erreakzioren azkartasuna. Datuak argitaratu eta egun bakarrera, emaitzak faktore jakin batzuei egozten zizkieten adierazpenak agertu ziren. Datuak aztertzeak denbora behar du, eta ondo egin behar da, irakurketa sinplistetan ez erortzeko. Horrez gain, are harrigarriagoa da nola erabiltzen diren datuak aurreiritziak indartzeko; hori aurten argi ikusi dugu arlo politikoan.

Zure ikuspegitik, zenbateraino islatzen dute emaitzok gure bailaran bizi den egoera?

Emaitzak EAEko lagin batean oinarritzen dira eta, beraz, ez dute Debagoieneko egoera zehatza islatzen. Egoerari aurre egiteko gako bat testuinguruaren ezagutza sortzean datza; ezinbestekoa da gure ikastetxeetan eta gure ikasleekin zer gertatzen den ikertzea, haien ezaugarri espezifikoekin. Hala ere, ikerketa horrek ikastetxe bakoitzaren barne-hausnarketarekin batera joan beharko luke. 

Baliagarria da, beraz, PISA?

Bai, baina ondo erabiltzen badugu soilik. Aintzat hartu beharreko ebaluazio bat da, baina ez genuke sailkapen gisa interpretatu behar; sailkapen terminotan soilik ulertuz gero, errudunak eta azalpen azkarrak bilatzera eramaten gaitu. Testuinguruan jarrita eta beste ebaluazio batzuekin osatuta, ordea, gelditzeko aukera ona izan daiteke; alegia, aukera ona izan daiteke honako hau bide onetik goazen ala ez hausnartzeko, eta ikasleek zer laguntza behar duten aztertzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak