Aurkezpen birako emanaldiak "bereziak" izango direla aitortu dute Errigorako kideek. Izan ere, Errigorako kide bat egongo da saio bakoitzean eta, dokumentala ikusi ondoren, harekin solasalditxo bat ere egingo dute, Ager eremuko egoera hurbiletik ezagutu ahal izateko –Nafarroako hegoaldea eta inguruko lurrak izendatzeko erabiltzen den kontzeptu historikoa da Ager eremua–.
Debagoienean, bi saio egingo dituzte. Lehena Oñatin izango da, urriaren 28an, 19:00etan, kultur etxeko aretoan. Saio horretan, Blanca Garciak emango ditu azalpenak, Agerraldiako kideak. Urriaren 29an, halaber, Antzuolan proiektatuko dute, Torresoroan, 19:00etan, eta Josune Sanjuan egongo da saioan, Zangozako Ikastolako zuzendaria.