Oraindik denboraldi hasiera bada ere, puntu beharrean zelairatu ziren bi taldeak Azkoagainera; izan ere, atzoko partidaren aurretik jokoan izan ziren 12 puntuetatik bakarra lortu zuten oñatiarrek zein bergararrek. Hala, partidako lehenengo minutuak nahiko parekatuak izan ziren, aukera garbirik gabekoak, 12. minutura arte. Orduan ireki zuen markagailua Martxel Olabarrietak, oñatiarrak defentsan ahul ibili zirela aprobetxatu eta baloia sareetara bidalita. Suspertzeko balio izan zion golak Aloña Mendiri, eta geroz eta gehiago hasi ziren gerturatzen Ekhi Basterraren atera. Baina, etxekoak golaren bila zebiltzala aprobetxatuta, oso ongi gauzatutako kontraeraso batean egin zuen Bergararen bigarren gola Iker Etxanizek. Maldan gora jarri zitzaion partida Unai Garairen taldeari, baina ez zuen amore eman, eta bigarrena jaso eta minutu gutxira egin zuen Markel Guridik etxekoen gola, areaz kanpoko jaurtiketa bati esker. Etxekoen minutu onenak izan ziren horiek, baina markagailuan atzetik iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, Iñaki Mardarasenek jakin zuten partida lasaitu eta Aloña Mendiren goranzko inertzia eteten. Aldaketek on egin zioten etxeko taldeari eta, minutuek aurrera egin ahala, Basterraren atera gerturatzen hasi ziren, bigarren golaren bila, baina arrakasta handirik gabe. Beste aldean, Bergararrek izan zuten hirugarrena sartzeko aukera garbi bat, baina Etxanizek orpoarekin errematatutako baloia kanpora joan zen gutxigatik. Nahi eta ezin ibili ziren oñatiarrak, eta gutxienez berdinketa lortzeko merituak egin bazituzten ere, mahoneroek ondo jakin zuten markagailuko abantailari eusten eta partidak eskatzen zuen denboraren kudeaketarekin jokatzen. Hala, bergararrak denboraldiko lehenengo garaipenarekin etxeratu ziren; oñatiarrek berriz, azkenengo postutik irteteko lehenengo garaipenaren bila jarraituko dute.
Mondrak aise irabazi du Mojategin
Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan, Mondrak 5-1 irabazi zion atzo ilunkeran jokatutako partiduan Urolari. Danel Menak, Iker Perezek, Abdessamad Afallahk, Aritz Arizmendiarrietak eta Julen Letonak sartu zituzten etxekoen golak. Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, Debagoiena Bailarak gaur jokatuko du Intxaurdi B taldearen aurkako partidua, 16:00etan, Cesar Benito futbol zelaian, eta Hirugarren RFEF Mailan, UDAk Pasaiaren bisita jasoko du Ibarran, domekan, 16:30ean.