Udazkenean sartuta, kaleetatik aretoetara bueltatzen da kultura eskaintza, eta eskualdeko aretoetan ere abian dira askotariko programazioak. Musikazaleentzako aukera asko izango dira datozen hilabeteetan. Esaterako, Arrasateko Udalak abian du azaroa bitartean egingo duen Oreixe Akustikoa musika zikloa, eta bidean dituzte bestelako proposamen gehiago; horien artean, datorren astean Idoia Asurmendi aramaioarrak Amaia antzokian egingo dituen bi kontzertuak. Oñatiko Udalak, berriz, urriaren 17an ekingo dio gaztelekuan egingo duten kontzertu-zikloari, Sugramas eta White Carters taldeen emanaldiekin; eta Bergarako Udalak gaur, egubakoitza, estreinatuko du Seminarixoa aretoko musika emanaldien udazkeneko egitaraua, Olaia Inziarte eta haren taldekideak gonbidatuta.
Emanaldi guztietarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, leihatiletan eta udal horien webguneetan.
Emakumezko artista "handiak"
Hala definitzen ditu Gaztea irratiko Ainhoa Vitoria kazetari arrasatearrak Olaia Inziarte eta Idoia Asurmendi. "Asko miresten ditut biak; talentu handia daukate. Abeslari bati ahots polit bat izatea eskatzen diogu askotan, eta, uste dut bi kasu horietan, ahotsaz gainera, beste dohain asko dituztela; esaterako, instrumentu bat baino gehiago jotzeko duten ahalmena eta abilezia. Musikalki asko konektatzen dutela iruditzen zait; hau da, Idoia gustatzen bazaizu Olaia gustatzen zaizula esango nuke. Egia da izaera aldetik ezberdinak direla, baina oso artistak dira biak, hitz-egile eta kanta-konpositore oso onak dira. Antzerako ibilbidea egiten ari direla iruditzen zait; gazte hasi ziren musikagintzan, poliki-poliki joan dira hazia ereiten, eta horrek epe luzerako fruitu onak lortzeko aukera ekarriko dielakoan nago".
Euskal Herriko artista handien artean kokatzen ditu biak ala biak Vitoriak. "Euskal musikagintzan ekarpen handia ari dira egiten, ez eurek bakarrik, hor badago-eta oso beharrezkoa den emakume-sare bat. Hitzetan nabaritzen da batek baduela modu zuzenagoa besteak baino, baina ikusten dut batak bestea miresten duela, eta alderantziz. Eta hori ere nabarmenduko nuke; euren ibilbidean erakutsi digute elkar babesten dutela, eta oso interesgarria da hori. Alboan dituzten artista talentudunak ere goraipatzekoak dira; horren erakusle, bataren zein bestearen zuzeneko oso interesgarriak", gaineratu du kazetariak.
Inziarte, Seminarixoan, gaur
Trikitia eskuetan hamaika plazatan ibili ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion Olaia Inziartek (Oronoz, Nafarroa), eta dagoeneko bi lan luze ditu argitaratuta –Lepotikan burua (2022) eta Zerrautsa (2025)–, eta askotariko musika proiektuetan ere kolaboratzen du. Gitarrak eta pianoak lagunduta izaten da taularen gainean, eta "kontzertu intimoak eta hunkigarriak" dira haren ezaugarri. Bide horretatik izango da gaur Bergarako Seminarixoa aretoan 20:00etan hasita egingo duena, seikote formatuan: Gema Ines Murillo eta Eric Deza gitarra-joleak, Ander Unzaga teklatu-jolea, Lore Nekane Billelabeitia baxu-jolea eta Josu Erviti bateria-jolea izango ditu, ohi bezala, agertokian lagun.

Asurmendi, Amaia antzokian
Bi lan luze ditu argitaratuta Idoia Asurmendik (Aramaio, 2000): Ilun eta abar (2021) eta Amar y desandar (2024). Arrasateko antzokian borobilduko du, Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian 70 kontzertu baino gehiago eginda, 2024ko apirilean abiatu zuen bira. Bi emanaldi egingo ditu: urriaren 16an eta 17an; zapaturako bakarrik geratzen dira sarrerak. "Birak aurrera egin ahala ikusi dut atseden hartzeko beharra nuela, eta itxiera bat eman behar niola, beste zerbait hasi ahal izateko. Horregatik izango da bira amaiera, eta zer hobeto etxean baino".
Arrasatekoak kontzertu bereziak izango direla dio: "Nire betiko bandaz harago, haize-instrumentuak eta biolina erabili ditugu biran. Arrasateko eta beste leku batzuetako musikari kolaboratzaileak ere igoko dira oholtza gainera; horien artean, Bea ahizpa, aspaldiko lagunen bat ere bai, eta musikari esker bidean egindako lagun minak. Hurrengo urtera begira elkarlan bat dut esku artean, beste musikari batzuekin, eta kantu berriak sortzen hasiko naiz, baina, aurretik, atseden hartuko dut".