Hasiera onari jarraipena eman nahi dio UDAk, domekan etxean irabazita

Eki Letona Erretolatza

Lander Gastesi baloiarekin, Beasainen aurka. Argazkia: Imanol Soriano.

Aretxabaletarrek denboraldi hasiera ona berretsi nahi dute zaleen aurrean, eta etxeko lehen garaipena eskuratu. UDAk Pasaiaren aurka jokatuko du, domekan, Ibarran, 16:30ean.

Jose Javier Barkero UDAko entrenatzaileak argi dauka zein den taldearen helburua: etxean lehen garaipena lortzea. "Gure helburua hiru puntuak ateratzea da, lehenengo garaipena lortzea etxean eta Pasaia talde indartsuari irabaztea. Gure aurretik daude sailkapenean; aurkari gogorra da, baina gogo handia dugu etxean lehenengo garaipena eskuratzeko, eta horren bila goaz".

Entrenatzailearen esanetan, etxean irabaztea garrantzitsua izango litzateke: "Zaleentzat, jokalarientzat eta denontzat garrantzitsua da etxeko partiduak irabaztea. Baita beste taldeek Ibarran talde indartsua garela ikus dezaten".

Seigarren jardunaldiaren atarian, Pasaia hirugarren postuan dago, hamar punturekin, eta UDA seigarren da, zortzi punturekin. UDAk hiru puntu lortzen baditu, sailkapeneko goiko postuetan kokatuko da. "Hamaika puntu lortuz gero sei jardunalditan, oso ondo geratuko litzateke taldea". 

Izan ere, Barkero ez da sailkapenari begira bakarrik geratzen, baita denboraldiko helburuei ere: "Pasaiari irabaztea da helburua, eta, gainera irabaziz gero, denboraldiaren helburuen laurdena lortuko genuke. Hor goian egotea eta puntuak ateratzea da gakoa, eta horren bila zelairatuko gara".

Derbia Azkoagainen

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, derbia izango da, gaur iluntzean, Azkoagainen Aloña Mendiren eta Bergararen artean. 20:30ean jokatuko da norgehiagoka. Bi taldeek ez dute oso ondo hasi denboraldia. Aloña Mendi azken postuan dago, puntu bakarrarekin, eta Bergarak ere puntu puntu kopuru bera du, baina partidu bat gutxiago jokatuta. Bi taldeek garaipena behar dute sailkapenean gora egiteko. Maila berean, Mondrak ere gaur jokatuko du, 20:30ean, Mojategin, Urolaren aurka. Zuri-moreak denboraldiko lehen garaipenaren bila aterako dira zelaira. Hiru puntu dituzte sailkapenean, lehen hiru jardunaldietako berdinketei esker.

Emakumezkoen Euskal Liga

Emakumezkoen Euskal Ligan, Bergarak Zarautz hartuko du zapatuan, Agorrosinen. 12:30ean hasiko da partidua. Bergararrek garaipen bat eta porrot bat dituzte denboraldi hasiera honetan, eta puntu kopuru bera du Zarautzek. Sailkapenean, ordea, atzetik dago Zarauzko taldea, gol-aldeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak