Hiru urte ondoren "Palestinaren egoera okerrera" doala adierazi dute deitzaileek: "Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hori normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea; lurraldea inpunitate osoz berenganatzea; iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail izana Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; 8.000 gorpu errekuperatu ezinik Gazan…"
Ildo beretik, Zisjordaniako egoera larriagotu egin dela diote eta horren adibide aipatu dituzte kolonoen erasoak 1.200dik gora, kanpamenduen suntsiketak, errepresioa eta kolonizazio prozesua azkartu izana, besteak beste.
Mobilizatzeko deia
Gernika-Palestina herri ekimenak dio ordena mundial berria eraikitzen dabilela eta gaur egungo nazioarteko araudia ez dela betetzen, ezta betearazten ere. "Inperialismoa kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, eta jendartearen partetik asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira".
Gaineratu dute gerra ezin dela ezeren irtenbidea izan; horren ordez, irtenbidea elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan oinarritu behar dela. Horregatik hain zuzen, Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar dela adierazi dute, eta euskal jendartea hausnarketa sakon bat egitera animatu: "Ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu eta ahal den guztietan mobilizatu behar gara Palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, inon ere ez. Gerrarik ez! adierazteko".