ELAk jakinarazi du greba orokorra deituko duela eta LAB ere prest agertu da

Mirari Altube Arrese

Etxebizitzaren alde LABek deitutako manifestazioa. (ARGAZKIA: LAB)

ELA sindikatuak adierazi du gaur arratsaldean etxebizitzaren gaiari helduko diola greba orokorra deituz. LAB ere gertu agertu da eta biek ala biek adierazi dute beste eragile sozial eta sindikalekin lanean dihardutela.

ELAren esanetan Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko du: "Horregatik lanean jarraitzen du etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiekiko presioa handitzeko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo Gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte".
 
Gaineratu du hurrengo egunetan jakinaraziko dituela greba horren gaineko xehetasunak.
 

LAB ere prest 

LAB ere greba orokorrerako prest agertu da, eta deialdia adosteko lanetan dabiltzala beste sindikatuekin adierazi du.
 
Etxebizitza lehen mailako kezka soziala dela Euskal Herrian diote eta gaineratu dute neurriak behar direla aurre egiteko: "Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira, eta horretarako presio egin behar da. Ardura du Espainiako Gobernuak, baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere". Eta honako neurriak zehaztu dituzte: alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartzea; etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa; putre funtsen esku dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak, eta errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitzea, besteak beste.
 

CCOOek eta UGTek atzo

 
Atzo, ostera, CCOOek eta UGTk greba orokorra deitu zuten udazkenerako, soldata eta etxebizitza duinak lortzeko aukera aldarrikatzeko. 24 orduko lanuztearen data zehatza plataforma sozialekin eta Maizterren Sindikatuarekin batera zehaztuko dutela adierazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak