Hego Euskal Herriko 26 herritan egin zituzten elkarretaratzeak, guztiak astelehenean, 19:00etan, eta asteburuan egindako mobilizazioei "segida ematea" izan zen horien helburua: "Argi ikusi da Euskal Herrian zer nolako oihartzuna izan duen gai honek eta jendea nola altsatu den gai honen bueltan. Guk ere ikusi dugu borroka lau haizetara zabaltzea beharrezkoa dela eta gazteok lehen lerroan jarri behar garela kontuan hartuta Euskal Herrian arazo honek beste forma bat hartzen duela", adierazi du Amets Arexolaleibak, Debagoieneko Ernaiko kideak.

Ultraeskuinaren aurkako erantzuna
Bergaran Irala kalean eta Arrasaten Herriko Plazan egin zituzten elkarretaratzeak, eta ekitaldia aprobetxatu zuten, baita ere, atzo goizean Pedro Sanchezek hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratuko direla iragarri ondoren, ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurkako erantzun gisa aldarrikatzeko. "Ulertzen dugu etxebizitza eta ultraeskuina eskutik joan behar direla, eta, ulertzen dugu, gaur Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratzean, gero eta gertuago egon daitekeela PP eta Vox-en arteko koalizio gobernu bat", gaineratu du Arexolaleibak.