Proba luzea eta motza izan da Sorginen lasterketan, eta, luzean Aitor Ajuria gatzagarra nagusitu da gizonetan: 2:01:41eko denbora egin du. Irazu Aranburu mallabitarra sailkatu da bigarren (2:04:20) eta Aritz Kortazar durangarra hirugarren (2:04:37). Emakumezkoetan, Anoetako Oihana Zubillagak irabazi du, 2:34:17ko denborarekin, bigarren izan da Eider Zubeldia eta hirugarren Leire Uribe otxandiarra.
Proba laburrean Victor Bernedo elorriarra nagusitu da. Bigarren izan da Peio Ziarsolo eta hirugarren Anartz Azpiroz. Emakumezkoetan, bizkorrena, Naia Cob izan da, Zutoia Odriozola eta Norah Muzasen aurretik.
Kilometro bertikalean Ugarte garaile
Aurreko egunean, zapatuan, berriz, XVII. Anbotoko Kilometro Bertikala jokatu zen, eta debagoiendarrek izan zuten protagonismoa bertan ere. Izan ere, gizonezkoetan, Aitor Ugarte aramaioarra izan zen bizkorrena; 38:10 minutuko denbora eginda amaitu du proba. Emakumeetan, ostera, Maider Unanue izan zen lehena; 51:26 minutu behar izan zituen helmugara iristeko. Kasu honetan, Aitor Ajuriak (40:22) hirugarren amaitu zuen.

Ugarte txapeldunarekin batera, Daniel Izquierdo (38:42) eta Aitor Ajuria (40:22) igo ziren gizonezkoen podiumera. Emakumezkoetan, ostera, Garazi Abasolo (51:55) aretxabaletarra izan zen bigarren sailkatua eta hirugarrena, berriz, Oihana Zubillaga (52:30), Maider Unanue irabazlearekin batera.
