Hainbat itxiera eta bypass, domekatik egubakoitzera

Eneko Azurmendi Barrena

Eskoriatzako bidesaria.

Urriaren 4tik, igandetik, 9ra, ostiralera, hainbat aldaketa izango dira AP-1ean,
Eskoriatza eta Bergara artean tuneletan panelak jartzeko eta Gurutzetxikiko
tunelaren eta Arbizelaiko zubibidearen artean, bi norabideetan, asfaltatze lanak
egiteko.

Urriaren 4tik 5erako gauean, domekatik astelehenera, AP-1a guztiz itxiko dute bi zatitan. 20:30ean hasita, Eskoriatzako eta Arrasateko Eibarko noranzkorako sarrerak guztiz itxiko dituzte, hainbat tuneletan panelak jarri ahal izateko. Era berean, lanekin aurrera jarraitzeko, errepidea guztiz itxiko dute 133 eta 130 pk artean. Aurreikusita dago AP-1a berriro irekitzea Eibarko noranzkoan 04:30ean eta Gasteizko noranzkoan, 05:00etan.

Beraz, Eibarko noranzkoan Eskoriatzan irten beharko dira gidariak eta GI-627 errepidea erabili beharko dute Bergara Hegoaldeko loturan berriro AP-1a Eibarko noranzkoan hartzeko. Aldiz, Gasteizko noranzkoan erabiltzea aurreikusita zuten gidariak, Bergara Hegoaldeko loturan atera beharko dira eta Arrasateko loturan berriro sartu.

Ingurabidea astelehenetik martitzenera

Bestalde, asteleheneko 06:00etatik, martitzeneko 22:00etara, bypass-a jarriko dute Gasteizko noranzkoan, Gurutzetxikiko tunelaren eta Arbizelaiko zubibidearen artean, 128,600 eta 125,800 pk artean. Ondorioz, Gasteizko noranzkoan doan trafikoa Eibarko noranzkoko plataformatik desbideratuko da. Tarte horretako asfaltatze lanak egingo dituzte.

Bergara hegoaldeko sarrera, itxita

Horrekin batera, astelehen gauean, AP-1ak beste itxiera izango du Eibarko noranzkoan, 23:00etatik 05:00ak arte, errepidea erabat itxiko dutelako 133 eta 138 pk artean, panelak jartzen jarraitzeko. Aurretik, 22:00etatik aurrera, Bergaran, Iparraldeko sarrera adarra itxiko dute.

Bi egunez, ingurabidea

Azkenik, asteazkeneko 03:00etatik osteguneko 22:00etara, bypass-a sortuko dute Eibarko noranzkoan, Arbizelaiko zubibidearen eta Gurutzetxikiko tunelaren artean, eta ondorioz, Eibarko noranzkoan doan trafikoa Gasteizko noranzkoko plataformatik desbideratuko dute. Tarte horretako asfaltatze lanak egingo dituzte orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak