Arnasguneetako gazteei zuzendutako Arnasetik lehiaketa martxan da

Eneko Azurmendi Barrena

Iazko sari banaketa. (Argazkia: Arnasetik).

Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4) eta 500 euroko balioa duten lau sari banatuko dituzte. Izena emateko epea zabalik dago, eta urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak.

Arnasetik bideo-sormen lehiaketak bosgarren urteurrena du aurten eta 10 eta 16 urte arteko gazteei gonbita egin diete ekimenean parte hartzeko.

Kategoria bakoitzean, erronka bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek Dakienak, ba al daki? erronkari helduko diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez; DBH 1. eta 2. mailakoek Ongietorria erronkari erantzungo diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta; azkenik, DBH 3. eta 4. mailakoek, Eusle mode on landuko dute, sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko gogoeta eginez.

Sari banaketa, azaroaren 26an

Kategoria bakoitzak 500 euroko bonua jasoko du, baita publikoaren sariak ere. Honakoetan gastatu ahal izango dute: Ikasbidaian, IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean, Gure Zirkuan eta abar.

Gazteek urriaren 15a baino lehen eman beharko dute izena eta sormen lanak urriaren 30a baino lehen bidali beharko dituzte. Ondoren, publikoak azaroaren 5etik 13ra izango du bere bozka emateko aukera arnasagara.eus webgunean. Lehiaketaren sari banaketa azaroaren 26an egingo dute, Lekeition.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak