Jon Sarasua: "Komunitatearen taupada entzun behar da, jendearengandik gertu egon"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Jon Sarasua. (Argazkia: Euskaltzaindia).

Euskaltzain oso izendatu zuten joan den astean; 2021a ezkero urgazle izan da, eta zortzi hilabeteko epemuga izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko

Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) euskaltzain oso izendatu berri du Euskaltzaindiak. Soziolinguista da eta urgazle lanetan aritu da 2021a ezkero; aurrerantzean, akademiaren osoko bilkuran ere egongo da. Aitorpenaren harira, Euskaltzaindiaren egitekoaz, euskararen egungo egoeraz eta euskalgintzaren erronkez hausnartu du. 

Nola hartu duzu euskaltzain osoaren izendapena?

Lanerako dei moduan hartu dut. Ohore bat ere bada, eta aitorpena ere badakar. Lanean jarraitzeko adina dugunontzat, ekarpen bat egiteko gonbidapena da, horretarako aukera ematen duena.

Zer ekarriko du zure jardunean?

Urgazle gisa, Euskaltzaindiaren euskararen gogoeta-guneko koordinatzailea izan naiz, eta, beharbada, lan hori indartu egingo da aurrerantzean. Euskaltzaindia ez da erakunde berria niretzat, baina osoko bilkura bai; beste ikuspegi bat eta ardura berriak ekar ditzake. Oraindik ez dakit zer espero duen jendeak nigandik, ezta nik zer eman dezakedan ere. Osoko bilkuran sartu, organoa ezagutu eta nire ekarpena zein izan daitekeen ikusi beharko dut.

Zer egiteko izan beharko luke Euskaltzaindiak gaur egun?

Euskaltzaindia ehun urteko erakundea da. Hor egotea zorte handia izan da euskararentzat eta euskal komunitatearentzat. Euskararen corpusaren iparrorratz eta autoritate moral izaten jarraitzen du, eta hori garrantzitsua da. Bi egiteko nagusi izan ditu: ikerketa –corpusari begira– eta jagotea. Azken hamarkadetan bigarren hori gutxiago garatu du, beste eragile asko ere ari direlako horretan. Orain, hausnartu behar dugu zer ekarpen egin dezakeen Euskaltzaindiak euskararen norabidea zaintzeko.

Euskararen egoera, orokorrean, nola ikusten duzu?

Euskararen egoerak asko du paradoxikotik: gauza on asko ditu, beste hainbat kezkagarrirekin batera. Gure herriak barne-zatiketa politiko, ideologiko eta lurraldekoak bizi izan ditu azken urteetan, eta zaila da sentsibilitate desberdinen artean konfiantzak eraikitzea. Horri mende honetako faktore berriak gehitu behar zaizkio: gizartearen eraldaketa, aldaketa teknologikoa eta populazioaren aldaketa. Euskararen abiapuntua ere zaila da, lurralde zatikatua dugulako, tresna politiko mugatuak eta euskararen aldekoak ez diren baldintza demolinguistikoak. Une delikatuan gaude, eta estrategia asko birpentsatu beharrean.

"Euskararen egoerak asko du paradoxikotik: gauza onak ditu, baita kezkagarriak ere"

Debagoieneko egoera nolakoa da?

Debagoiena toki interesgarria da, euskararen inguruko dinamika positiboak eta elementu kezkagarriak biltzen dituelako. Ez gara arnasgune bat, baina baditugu indarguneak. Erronka mende honetako desafioei aurre egitea da, euskalgintza publikoak eta sozialak eraikitako tresnekin.

Zer aldatu behar da euskararen aurrerabidea sustatzeko?

Uste dut kontsentsu batera iritsi beharko genukeela baieztapen honen inguruan: gauzak orain arte egin ditugun moduan egiten jarraitzearekin ez dugu aurrera egingo. Kontzientzia hori guztiok hartuz gero, ikuspegi politiko eta, nolabait, kokapen sektorial desberdinekoek, uste dut aurrera egin dezakegula. Askotan, bakoitzak uste du besteak aldatu behar dituela gauzak, baina denok aldatu behar ditugu gure jarduteko moduak, eta estrategia berriak elkarrekin pentsatu. 

Zeintzuk dira komunitatearengana iristeko bideak?

Euskalgintzaren bueltan dabilen jendeak askotan pentsatzen du komunitatea ordezkatzen duela, baina haren kezkak ez datoz beti bat euskalgintzarenekin. Komunitatearen taupada entzun behar da, jendearengandik gertu egon. Baita Euskaltzaindia ere.

Zein izan beharko litzateke iparra hemendik 25 urtera?

Hondoratzen ari dela dioten itsasontzira ez da inor igoko. Garbi dago mezua ezin daitekela hori izan. Nire ustez, hemendik 25 urtera euskaldun osoen komunitate sendoago bat izatea izan liteke iparra, euskararekin harreman estuagoa edo ahulagoa duten beste gizarte-geruza batzuk ere inguruan hartuta. Debagoienean, formulazio horrek berezko kolorea eta abiadura izan ditzake.

Baikorra zara?

Etorkizunaren inguruan baikor edo ezkor izateko arrazoiak badaude; bietarako. Nire aburuz, ezkortasunak aktiboa behar du izan, eta baikortasunak, izatekotan, kritikoa, eta ez inozoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak