Arizmendi Ikastola omenduko dute bihar Aspace Egunean

Eneko Azurmendi Barrena

Aspace Eguna iragartzeko egin duten agerraldia. (Argazkia: Aspace).

Aspace Loratuz lelopean egingo dute, hamargarrenez, Aspace Eguna. Hala, bihar, zapatua, egun osoko festa izango dute Donostian eta, besteak beste, Arizmendi Ikastola omenduko dute.

Aspace Gipuzkoak Aspace Eguna ospatuko du, hamargarrenez, urriaren 3an, Donostian. Hamar urte hauetan garun-paralisia duten pertsonen, haien familien, profesionalen, boluntarioen eta Gipuzkoako gizartearen topagune bihurtu da Aspace Eguna. Aurten, gainera, Aspace Gipuzkoaren 55. urteurrenarekin bat egingo du ospakizunak.

Aspalagun aitortzak, goizean

Goizeko "unerik berezienetako bat" 2026ko Aspalagun aitortzen banaketa izango da. "Aspace Gipuzkoaren bidelagun izan diren eta inklusioaren alde egindako lanarekin arrastoa utzi duten pertsona eta erakundeen konpromisoa aitortzeko sortu ziren", azaldu dute.

Aurten, Santo Tomas Lizeoa, Arizmendi Ikastola eta Rosabel Ausin omenduko dituzte. Azken
horrek 25 urte daramatza Aspace Gipuzkoako boluntario gisa. 11:30ean hasiko da ekitaldia, Alderdi Ederren, eta Arizmendi Ikastolaren izenean, Aitor Guridik jasoko du aitortza.

Aspace Egunaren hamargarren urteurrenak eta Aspace Gipuzkoaren 55 urteko ibilbideak orain arte egindako bideari begiratzeko aukera eskaintzen dutela nabarmendu du Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidenteak. "55 urte daramatzagu garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien ondoan lanean, eta hamar urte Aspace Eguna gizarte osoarekin partekatzen. Asko dugu ospatzeko, baina baita aldarrikatzen jarraitzeko ere. Guztion konpromisoa behar dugu inklusioan, eskubideetan eta aukera-berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko", adierazi du.

Ibilbide hori elkarlanean egin dutela ere nabarmendu du: "Aspacek ez du bidea bakarrik egiten. Gure ondoan ditugu familiak, profesionalak, boluntarioak, erakundeak eta gurekin elkarlanean diharduten hainbat eragile. Bide horretan gurekin izan direnei eskerrak emateko modua ere badira Aspalagun aitortzak".

400 lagun baino gehiago

Goizeko ekitaldiak amaitu ondoren, 14:00etan, Goienetxen jarraituko du Aspace Egunak. Bertan, 400 pertsona baino gehiago elkartuko dira elkartearen ohiko bazkarian. Garun-paralisia duten pertsonek, familiek, profesionalek eta boluntarioek elkarrekin partekatuko dute eguna. 18:00ak arte izango da ospakizuna, eta zuzeneko musika, karaokea, puzgarriak, erraldoiak eta zozketak izango dira, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak