Sofa erabiliak, hormak kartelez eta apaingarriz goraino, eta ordenaren eta nahastearen arteko muga non dagoen ez dakien espazioa da Kabiru. Pixka bat lokal, pixka bat ikasle-pisu, pixka bat lagunen arteko arratsalde. Kaos ordenatua da, mundu guztiarentzat lekua duena, nahi dugun guztia kabitzen dena.
Urriaren 21ean estreinatuko da saio berri honen lehen atala, eta, hortik aurrera, hamabostean behin ikusi ahal izango dira atal berriak. Eguaztenetan 20:00etan eta 22:00etan ikusi ahalko da GOIENA telebistan; ostean nahieran ere ikusgai egongo da. Gazteek sortutako entretenimendua izango da, gazte izaera hutsetik harago doana. Gazteak bertsotan, sukaldean, musikan, etxean, bidaiatzen… esploratuko ditu.
Platoak ere badu zer kontatua. Lokal baten itxura duen txoko eraberrituan, Julen Murua eta Izar Ruiz de Austri izango dira saioaren gidariak. Haiekin batera hiru gazte eseriko dira atal bakoitzean, proposatutako gaiaren inguruan hitz egiteko, iritziak partekatzeko eta, batez ere, ondo pasatzeko. Saioaren ekoizpen-taldean Luken Ugarteburu arituko da errealizazio eta edizio lanetan, plato barruan gertatzen dena pantailara eramateko lanetan.
Hiru gonbidatu, hiru ikuspegi
Atal bakoitzak gai nagusi bat izango du abiapuntu, baina ez dago bide bakar bati jarraitzeko asmorik. Hiru gonbidatu, hiru ikuspegi eta, horrenbestez, gai berari begiratzeko hiru modu jorratuko dira. Lehen saioan sukaldaritzaren bueltan arituko dira Leire Perez, Mikel Linazisoro eta Alaitz Atxa. Goi mailako sukaldaritza, jatetxeak, errezetak, zaporeak... izango dira abiapuntu lehen saioan.
Elkarrizketak gertukoak, bat-batekoak eta tarteka aldrebesak izango dira. Azken batean, Kabiru ez da gai bati buruzko eskola magistrala. Hitz egin, kontrastatu, barre egin eta besteak zer pentsatzen duen ezagutzeko gunea izango da, baita gazteen hamaika ahots ezagutzekoa ere.
Jolasak, prest
Elkarrizketez gain, jolasek ere izango dute protagonismoa. Atal bakoitzean, gutxienez, bi dinamika izango dira. Lehenengoak saioaren gaiari egingo dio keinu zuzena. Proposatutako gaiaren inguruko jolas tematikoa izango da, eta gonbidatuak ezagutzeko beste modu bat eskainiko du.
Bigarrenak, berriz, erabakiak hartzera behartuko ditu. Hiru pertsonaia edo ezagun aurrean jarri, eta aukeratu. Bakoitzarekin zer egingo luketen erabaki beharko dute. Ez da beti erraza izango aukera bakarra egitea; eta, noski, erantzunak bezain interesgarriak izango dira horiek azaltzeko arrazoiak.
Sare sozialetan ere bai
Eta elkarrizketa amaitu, kamerak itzali eta platoak isildu arren, sare sozialetan ere egongo da Kabiru. Saio bakoitzeko unerik onenak, pasarte dibertigarrienak eta pantailatik harago sortutako eduki esklusiboak ere izango dira ikusgai.
Kabiru ez da dekoratu bat soilik. Ezta elkarrizketa batzuk eta jolas batzuk elkartzen dituen saioa ere. Jarrera bat da: serioegia denari umorea ateratzea, gai arrunt bati buelta ematea eta elkarrizketa bat espero ez den lekuraino eramatea. Eta horri guztiari sorpresak gehitu beharko zaizkio, Kabiru zer den ezagutzeko, Kabiru bizi behar delako.
Etxean bezala sentitzeko espazioa

Hamabostean behin, eguaztenetan, 'Kabiru'-ko sofak gonbidatu gaztez beteko dira eta elkarrizketa sakonak, aldrebesak, dibertigarriak... izango dira protagonista. Jolasek eta erronkek ere markatuko dute saioko dinamika.