Lehenengo datarako sarrerak agortuta, bigarrengo bat egingo duzu.
Bigarren kontzertu bat programatzea erabaki nuen jakin nuenean nire gertuko jende asko lehen kontzerturako sarrerarik gabe geratu zela. Batez ere, horregatik bikoizten dugu.
Berezia da bira amaiera etxetik gertu egitea?
Aitortu behar du ez zaidala gustatzen bira amaiera, azken kontzertua… eta halako kontzeptuak erabiltzea. Izan ere, gaur egun dagoen sold out-erako joerarekin, herritarrengan tentsio aeta larritasuna sorrarazten da. Azken kontzertua dela esan ezkero, galezina dela uste dute askok, eta horrek estualdiak sortzen ditu.
"Birak aurrera egin ahala ikusi dut atseden hartzeko beharra nuela, eta itxiera bat eman behar niola"
Baina, oraingoan bai erabili dut kontzeptu hori. Birak aurrera egin ahala ikusi dut atseden hartzeko beharra nuela, eta itxiera bat eman behar niola, beste zerbait hasi ahal izateko. Horregatik izango da bira amaiera, eta zer hobeto etxean baino.
Emanaldi berezia izango da?
Aurtengo biran formatu berri bat aurkeztu genuen. Madrilen estreinatu genuen. Nire betiko bandaz harago haizezko instrumentuak eta biolina erabili ditugu errepertorioan. Madrilen, Donostian eta Bilbon erabili genuen formatu hori. Beste data batzuk ere izan genituen aukeran, baina garbi nuen bira amaiera egitekotan, etxetik gertu izango zela. Eta noski izango dela berezia: Arrasateko eta beste leku batzuetako musikari kolaboratzaileak igoko dira oholtzara, nirekin.
Atseden hartzeko beharra aipatu duzu. Benetan egongo zara geldi edo badaukazu proiekturen bat buruan edo esku artean?
2024ko apirilaren 13an hasi genuen bira, Eibarren, eta ordutik 70 kontzertu baino gehiago eman ditugu, Euskal Herrian, Espainian eta Atzerrian. Lasai nabil orain. Hurrengo urtera begira badaukat elkarlan bat eskuartean, beste musikari batzuekin. Bestalde, kantu berriak sortzen hasiko naiz, baina aurretik atseden hartuko dut. Proiektu berri batekin hasi aurretik, deskantsatu beharra izaten dut. Lasai nago, baina gogotsu, era berean.