'Lan eta lan' saio berria, askotariko lanbideen egunerokotasuna ezagutzeko

Koldo Zubia Salas

'Lan eta lan' saioko grabaketa batean, elkarrizketa batean.

Urriaren 28an, Lan eta lan izeneko saioa estreinatuko du Goienak. Antzekotasunak dituzten bi ogibideren artean dauden desberdintasunak modu ulergarrian eta langileek partekatuko dituzten esperientzien bitartez azalduko dituen programa.

Izan ere, batzuetan, lanbidea partekatzen dutenek zerikusirik ez duten eginkizunak izan ditzakete. Esaterako, lanbidez epaileak izan arren, kiroleko epailea izatea edo bake epailea izatea ez da gauza bera. Beste batzuetan, inguruaren arabera aldatzen dira zereginak; desberdina izango da herri handi batean edo txiki batean aguazila izatea. Irudiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da; batzuk pertsonen irudi aholkulariak dira, eta beste batzuek, aldiz, eraikinen irudia hobetzeko edo mantentzeko egiten dute lana. Horiek dira, zehazki, Oihana Elortza kazetariak gidatutako Lan eta lan saioan azalduko diren ogibideen adibide batzuk.

Saioetan, protagonistek euren lanean erabiltzen dituzten tresnak erakutsiko dituzte, eta horien bidez euren ofizioaren inguruko azalpenak emango dituzte kamera aurreko elkarrizketetan. Programa horretan agertuko diren elkarrizketatu guztiak Debagoienean ari dira lanean. Hemendik eta urtea amaitu artean, hiru saio izango dira; bakoitzak ordu erdi iraungo du eta hilero bat emitituko da.

Lehenengo saioa, urrian

Esan bezala, urriaren 28an – eguena– izango du estreinaldia Lan eta lan saioak. Lehenengo saioa 20:00etan eta 22:00etan ikusi ahalko da. Bertan, Oñatiko udaltzain Eñaut Unamunoren eta Antzuolako aguazil Ainhoa Calongeren lana ezagutuko du ikus-entzuleak bertatik bertara. Herri batetik bestera lan egiteko modua zenbat alda daitekeen erakutsiko dute, eta lanbide bereko eginkizunek inguruneak baldintzatuta izan ditzaketen desberdintasunetara gerturatuko da Elortza.

Azaroaren 11n emitituko den bigarren saioak irudiari helduko dio. Ainara Gonzalezek eta Iraitz Gastainek zein Uxue Arregik irudiaren bueltako ogibideak dituzte, baina ez dute elkarren artean zerikusirik. Gonzalez irudi-aholkularia da; Gastainek eta Arregik, berriz, eraikinen birgaitzean egiten du lan, Arira proiektuan. Azkenik, hirugarrena abenduaren 2an emitituko da; epaile lana izango da aztergai saio horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak