Badira bi urte Datuetatik tiraka saioak bere ibilbide propioa hasi zuela Hemen Debagoiena-tik kanpo. Bi ikasturte oparo egin ditu orduz geroztik; kasurik gehienetan, bere kabuz, eta, aldiro-aldiro, euskarazko tokiko hedabideek EITBrekin elkarlanean martxan jarritako Saretzen egitasmoaren barruan. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalista izatera ailegatu zen iaz, eta, debagoiendarren artean ere erreferentziazko saio bihurtuta, hirugarren denboraldiari ekiteko prest dator.
Txomin Madinak aurkeztuta, askotariko gaiak jorratuko dituzte, adituen irakurketen, protagonisten hitzen eta herritarren iritzien bidez, eta beti, noski, datuetatik abiatuta eta Debagoieneko ikuspuntuarekin. "Zenbaki hotzen atzean gordetzen den errealitatea erakustea dugu helburu, eta era batera edo bestera eragiten diguten gaien bidez, poliki-poliki, ari gara gure gizartearen argazkia osatzen", adierazi du Madinak.
Oraingoan, eguaztenetan
Desfibriladoreen gaia jorratuko dute urriaren 14ko lehen saioan; genero berdintasuna, azaroaren 18koan; eta janari prestatuak, abenduaren 16koan. Eguaztenetan izango da saioa, 20:00etan eta 22:00etan.