Jaietako kontakizunak, festagunearen zilborretik eta zuzenean

Goiatz Arana Begiristain

Iazko miraria gertatu zeneko unea, Herriko Plaza jendez gainezka zegoela. GOIENA

Gaurkoa izango da udazkeneko lehena, Arrasateko Maritxu Kajoi ardatz hartuta.

Debagoienean gertatzen den guztiaren jarraipen ahalik eta gertukoena eta osoena egiteko helburuari jarraituz, bailaran festa non, han izango dira Goienako kazetariak eta kamerariak, eta, hainbat kasutan, gertatzen dabilena zuzen-zuzenean jarraitzeko aukera ere emango diete ikus-entzuleei. 

Gaur bertan izango da udazkeneko lehen zuzeneko emankizuna: urriko lehen egubakoitzarekin bat eginez, Maritxu Kajoi Eguna ospatuko dute Arrasaten, eta bertako kaleetan, arrasatearrak ez ezik, Euskal Herri osotik iritsitako herritarrak ere elkartuko dira; guztiak, hori bai, dotore jantzita. 

Egunean zehar jasotakoekin –lore-eskaintza, eskapularioak, Goienaren photocall-a, kaleko eta txosnaguneko giroa...– emankizuna hasiko da Goiena telebistan, 20:00etan, eta 20:25ean, Herriko Plazako giroarekin egingo du bat, zuzenean: mirariaren txanda izango da orduan. Izar Ruiz de Austrik eta Eki Letonak egingo dituzte aurkezle-lanak.

Astelehenean, Oñatira

Festa handia, baina, egun bakarrekoa izango dute Arrasaten; Oñatin, aldiz, egunak daramatzate festa-giroan murgilduta, San Migel eta Errosarixo jaiak tarteko. Izan ere, askorako eman dute dagoeneko, baina herritarren egun kuttunenetako bat ez da oraindik iritsi: Errosarixo Bixamon Eguna, hain zuzen ere. Astelehenean, hilak 5, izango da hori, eta oñatiarrek umorez eta irudimenez beteko dituzte herriko bazterrak euren mozorroekin. 

Bada, horren guztiaren zuzeneko jarraipena egiteko aukera ere emango du Goienak, 13:30ean hasita, Oihana Elorzak eta Aitor Agirianok kontatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak