Hiru herritatik pasatuko da autobusa: Aretxabaletatik, 08:45ean –Azbeko geltokian–; Arrasatetik, 09:00etan –Zalduspen– eta Bergaratik, 09:15ean –autobus geltoki nagusian–. Itzulera, ostera, 19:00etan izango da.
Autobuserako txartelak salgai dituzte Arrasaten, AEDren egoitzan; Aretxabaletan, Loramendi euskara elkartean; eta Bergaran, Jardunen. Euskara elkarteko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek, 12 euro. Txartela erosteko azken eguna urriaren 14a da, eguaztena. Autobus zerbitzua egon dadin gutxienez 30 pertsonak erosita izan beharko dute txartela.
Hiru gune
Bidean bat gara leloa du aurtengo jaiak eta Vianako Erentzun ikastolak eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak elkarlanean antolatu dute. Vianan, Zizur Txikian eta Zizur Nagusian egin dituzte horren bueltako ekitaldiak eta azken horretan izango da urriaren 18ko jaia. Hiru gune zehaztu dituzte eta horietan ekitaldi mordoa izango dira, besteak beste, haurrentzako jolasak, herri kirolak, erronkak eta kontzertuak.