Debagoieneko bidegorri sarea: 70 kilometro osatzeko, hainbat loturaren faltan

Idoia Aranbarri Arzuaga

Bailarako hainbat gune.

Gipuzkoako oinarrizko bidegorri sareak bailarako udalerri gehienak zeharkatzen ditu edo proiektuak egitea aurreikusita dago. Hala ere, hainbat lotura eta tarte daude osatzeko. Eskoriatza eta Arabako muga arteko Vasco-Navarro trenaren bide berdea, Bergara eta Elorregi arteko Tavex inguruko 500 bat metro eta Arrasate eta Aramaio arteko lotura dira egiteke dauden zati nagusienetako batzuk. Debagoieneko bidegorri sarearen egoerari buruzko xehetasunak jaso ditu PUNTUAk erreportaje honetan.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planak (GBBLAP) herrien arteko bidegorrien oinarrizko sarea osatzea du helburu; tartean, Debagoienean. 2013an onartu zuten, eta 2023an plana berrikusteko prozesua abiatu zuten, 2013-2023ko aldiko betetze-maila aztertu eta 2031ra bitarteko jarduketak berriz programatzeko. Herriak lotzen dituzten bidegorriak hartzen ditu barnean planak, horiek baitira Aldundiaren ardura; herri barruko zatiak, berriz, udalen esku daude. Ibarrean Elgeta da Gipuzkoako Oinarrizko Foru Sarea igarotzen ez den herri bakarra. Besteetan, ibilbideak eginda edo aurreikusita daude.

Vasco-Navarro eta Vascongados trenbideak

Bi ardatz nagusi bereizten dira Debagoieneko bidegorri sarean: batetik, Vascongados trenbidearen trazadura dago, Mekolaldetik Antzuolarainokoa 14 bat kilometro; bestetik, garai bateko Vasco-Navarro trenaren ibilbidea. Azken horren bidea aprobetxatuta, Bergaratik Eskoriatzarainoko ibilbidearen zati handi bat bidegorriz egin daiteke, 25 kilometro inguru, eta GFAren asmoa da Eskoriatza eta Arabako muga lotzen dituen 17,3 kilometroko Vasco-Navarro bide berdea berreskuratzea.

Alabaina, tarte horretan badira zenbait puntu egin barik daudenak; adibidez, Bergara eta Elorregi artean, edota Arrasaten, Zerrajerako eta Musakolako zatietan. Uribarri etorbidean ere Arrasateko Udalak aurreikusten du bidegorria egitea, eta Gesalibar eta Aramaio bidegorriz lotzeko bilerak egin dituzte bi lurraldetako aldundiek eta udalek.

Oinarrizko bidegorri sarea osatzen du baita ere Bergarako Ibargarai kaleko autobus geltokitik Antzuolara doan bidegorriak. Aldundiaren zatia amaituta dago, eta Bergarako Udalak egunotan hasiko ditu bi herriak bidegorriz lotzeko bosgarren faseko lanak, Urteaga kaletik Antzuolara falta diren 200 metro inguru.

Oinarrizkoa ez den udal sarea

Era berean, oinarrizko sareaz gain, oinarrizkoa ez den udal sarea, bigarren mailako azpiegitura sarea, dute Arrasatek, Oñatik eta Aretxabaletak.

Proiektuen eguneraketa Eskoriatza eta Araba arteko zatian

Kuatruena auzotik abiatuko da bidea.

Vasco-Navarro trenbide zaharraren Eskoriatza eta Arabako mugaren arteko zatia da Debagoienean, baina baita Gipuzkoan ere, berreskuratzeko geratzen den tarte handienetako bat. 18 kilometro inguruko ibilbidea oinezkoendako eta bizikletendako egokitzea da aspaldiko eskaera. 1967an egin zuen trenak azken bidaia. Bide berdea berreskuratzeko proiektua 2007an idatzi zuen Injelan SL enpresak, eta lanek 6,3 milioi euro inguruko aurrekontua zuten.

Trazadura Eskoriatzako Kuatruena auzotik abiatzen da, eta, besteak beste, Mazmela, Zarimutz eta Marin elizateak zeharkatzen ditu, Leintz Gatzagara iristen da, eta handik, trenak egiten zuen ibilbidea jarraituz, Arabako mugaraino. Asmoa Gasteiztik datorren Vasco-Navarro ibilbidearekin lotzea izango litzateke. Hamabi tunel eta hainbat zubi eta pasabide ditu Eskoriatza-Arabako muga zatiak, baina urte hauetan guztietan elementuetako batzuk hondatu egin dira eta hainbat eremu landarediak estali ditu.

AP-1 autobidea egiten amaitutakoan bide berde zati hori ere amaituta egoteko –gehienez urtebeteko atzerapenarekin– konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA). 2009an inauguratu zuten autobidea, baina bideak egin gabe jarraitzen du. 2017 amaieran egin zituzten Aingeru Guarda eta Kuatruena bidegorriz lotzeko lanak, eta, horrenbestez, 17,3 kilometroko bidea egitea falta da. 2026ko martxoan sortu zuten Gipuzkoako Beste Puntakuok plataforma, eta haien helburua da GFAri autobidea egiteagatik lehengo Vasco-Navarro trenbidearen birgaitzearen inguruan agindutakoak betetzeko eskatzea.

Marin elizateko tren geltoki zaharra.

Abendurako idatzita

Hala ere, proiektua berriz martxan jartzeko urratsak egin ditu azken urtean GFAk. 2025ean, egungo trazaduraren azterketa egiteko eskatu zuen. Azterketa horren bidez, ibilbidearen gaur egungo egoera ezagutu eta proiektua sei fasetan banatu zuten. Gipuzkoako Beste Puntakuok plataformak horixe berretsi du: "Aldundiak jakinarazi zigun proiektua martxan jartzeko asmoa zeukala, eta, ahalik eta azkarren hori egiteko proiektu bakarra egin beharrean, sei zatitan banatuko zutela". 

Halaber, 2023an, 157/2023 Dekretua onartu zen, eta Vasco-Navarro trenbidea Babes Bereziko Kultura Ondasun gisa aitortu zuten, Monumentu Multzo izendapenarekin, eta hori kontuan hartu beharko da proiektuko lanak zehazterakoan.

Arlabanen, Gure Ametsa jatetxearen atzeko bidea.

GFAk iragarri zuen urrirako lehen proiektuak idatzita egongo zirela, baina GFAko Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak Goiena telebistako Berbagai saioan ekainean aurreratu zuen orduan zirela esleitzekoak lehen bi fasetako lanak, eta asmoa zela "jatorrizko trazatua eta ondare balioa ahalik eta gehien mantentzea". Gauzak horrela, uztailean esleitu zitzaion Asmatu SL enpresari Kuatruena-Mazmela eta Mazmela-Zarimutz arteko faseen idazketa, 53.173,28 eurotan, BEZa barne. Guztira 6,15 kilometroko tartea da. 

Eskoriatzako alkate Edorta Zubizarretak gaineratu du egun hauetan eman diola GFAk esleipenaren berri, eta orain enpresak bost hilabeteko epea izango duela proiektua lantzeko. Hortaz, 2026ko abendu amaierarako idatzita egotea aurreikusten dute. Ondoren, lanak lizitatu beharko dira, eta, momentuz, ez dago horretarako datarik. Felix Urkolak Berbagai saioan egindako elkarrizketa hartan nabarmendu zuen proiektu horrekin, historia berreskuratzeaz gain, herrien arteko loturak indartuko liratekeela: "Oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbide erakargarria izango da, naturarekin eta ondarearekin lotura estua izango duena".

Bergara-Elorregi: 2028-2031rako aurreikusita

Gipuzkoako bidegorri erabilienen artean dago Bergara eta Elorregi artekoa, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak emandako datuen arabera, hazkunde handiena izan duten bidegorrien artean dago. 2015eko urtarrilean inauguratu zuten eta ordutik hainbat mantentze-lan egin dituzte; alabaina, bada hasieratik egin gabe dagoen 500 metro inguruko zatia: Tavex fabrikaren parean, hain zuzen.

Tavex enpresaren ondoko bidea, Bergaran.

Datorren urtean, proiektua idaztea

Tarte hori GFAren eskumena da eta inauguratu zutenean adierazi zuten 500 metroek eman zizkiotela Aldundiari, lurraren desjabetze arrazoiez gain, lurzorua kutsatuta zegoelako. Hamaika urte geroago, Trantsizio Ekologikoko Zuzendaritza Nagusiak adierazi du Tavexeko zatia jabetza pribatuko industria-lurzoruari eragiten dion eremua dela, eta horrek baldintzatu duela jarduketaren garapena: "Iraunkortasun Sailaren aurreikuspenen arabera, proiektua datorren urtean hasiko dira idazten; obrak, berriz, 2028-2031ko aldirako daude planifikatuta, indarrean dagoen programazioaren arabera".

Gesalibar-Aramaio: bidegorriaren zain

Herritar askoren aspaldiko eskaera da Aramaio eta Arrasate bidegorriz lotzea. Izan ere, badira errepide bazterretik Aramaio-Arrasate ibilbidea egiten duten erabiltzaileak: lanera joateko edo aisialdian, izan bizikletaz edo oinez. Arrasateko Gesalibar auzoa bidegorriz lotzeko hartu-emanak izan dituzte bi herrietako udalek, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariek eta Adif-ek. Lau kilometro pasako bidegorri zatia egitea aurreikusten da. Proiektua egiteko orduan, bidegorriaz gain, Aramaioko ur zikinen sarea Debagoieneko hodi biltzailearekin lotzeko beharra ere kontuan hartu beharko dute.

Arrasateko Gesalibar auzotik Aramaiorako bidea.

Aurrerapausorik ez

Aramaioko eta Arrasateko udaletan bidegorri horri buruz galdetuta, adierazi dute ez daukatela inolako informazio berririk. Dena den, GFAk azaldu du Gesalibarko bidegorriak 2,5 kilometro inguruko trazadura duela guztira: "Gaur egun, indarrean dagoen programazio-alditik kanpo dago, eta, horrenbestez, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako azken aldietarako dago zehaztuta".

Hainbat ibilbide, oinarrizko saretik kanpo

Oinarrizko bidegorri sare nagusiaz gain, udal mailako bizikleta-sarea ere badute Arrasatek, Aretxabaletak eta Oñatik.

Arrasaten, 2025ean behin betiko onartutako Mugikortasun Planak hainbat bizikleta-ibilbide berri aurreikusten ditu, batzuk aurreko planetik datozenak eta beste batzuk berriak: "Bertan jasotako bidegorriak askotarikoak dira: batzuk segregatuak, beste batzuk autoekin partekatuak eta beste batzuk oinezkoekin partekatuak". Horien exekuzioa, ordea, pixkanaka egitea zehaztu du Udalak. Gaur egun egiten ari diren bidegorri segregatu bakarra Araba etorbidekoa da, eta lanak 2027ko maiatzerako edo ekainerako amaitzea espero dute: "Behin lan horiek amaituta, beste tarte batzuei heldu beharko zaie".

Herritar bat bizikletan, Otadui zuhaiztia kalean, Oñatin.

Horrez gain, autoekin partekatutako hainbat bizikleta-ibilbide egokitzea aurreikusten dute. Gipuzkoa etorbidean, ertzain-etxetik kiroldegirainoko zatian, espazio partekatua seinaleztatuko dute, eta gauza bera egingo dute Zarugalde eta Uribarri etorbidea lotzen dituen tartean. Nafarroa etorbidean eta Zerrajera kalean ere bizikletentzako bide berriak sortuko dituzte, hirigintza taktikoaren bidez, aldi berean trafikoa baretzeko.

Elkarbizitza sustatu

Aretxabaletan, berriz, Udalaren helburua da oinezkoen, bizikleten eta autoen arteko elkarbizitza sustatzea, "beti hierarkia hori errespetatuz". Urriaren 1ean indarrean sartu zen araudiaren eguneraketak bizikletei herriko kaleetan galtzadaren erditik zirkulatzeko aukera ematen die, eta autoek gutxienez bost metroko tartea mantendu beharko dute atzetik. "Araba ibilbidean seinaleztatu dena hori da, hain zuzen. Ez da bidegorri bat, baizik eta bizikletek duten lehentasuna adierazteko, urritik aurrera araudiak ezarri duena. Baina garrantzitsua da edozein kaletan ibili ahal izango direla. Araba ibilbidean pedagogia hori egin nahi izan dugu", dio Aretxabaletako Hirigintza zinegotzi Ion Albisuk.

Usakora bidegorria

Oñatin ere herriko hainbat kaletan autoekin partekatutako bidegorriak ere daude. Egin dituzten azken lanen artean dago, esaterako, aurtengo ekainean inauguratu zuten Usakoko bidegorria. 700 metro ditu, eta Torreauzoko zubitik hasi eta lehen metroetan eskumatik doa bidegorria, Chinchurreta enpresa igaro arte. Orduan, errepidea zeharkatu eta bidearen ezkerrera egiten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak