Lieder Automotive enpresak lantegi berria ireki du Zaragozan

Eneko Azurmendi Barrena

Gaur, martitzena, egin dute lantegiaren inaugurazioa. (Argazkia: Fagor Ederlan).

Duoli Technology eta Fagor Ederlanen arteko aliantzak industria-jarduera suspertu du Borjako (Zaragoza, Espainia) instalazioetan, tokiko 170 lanpostu baino gehiagorekin. Gaur egin dute inaugurazioa.

Lieder Automotive enpresak Zaragozako Borja herriaren aldeko apustua egin du, "inguru horretan industria-jarduera berria bultzatzeko". Hala, automozioaren sektorearen eraldaketari lotuta dagoen eta "balio erantsi handia duen" proiektu bat jarri du martxan. Konpainiak ibilgailu elektrikoentzako egiturazko osagaiak fabrikatzeko lantegi bat ireki du gaur, martitzena, ofizialki. Modu horretan, tokiko 170 lanpostu baino gehiago sortu ditu.

Duoli Technology eta Fagor Ederlanen arteko aliantzatik sortutako proiektua da eta hango instalazioan fabrikatzen diren osagaiak Leapmotor B10 eta B05 modeloetan erabiliko dituzte. Instalazioak 15.000 metro karratu baino gehiago ditu, eta zortzi hilabetetan prestatu dute fabrikazio-prozesu berrietarako. Era berean, instalazioek hamalau ekoizpen-lerro eta 138 robot baino gehiago dituzte, "muntatze-prozesu aurreratuekin eta automobilgintzaren industrian beharrezkoak diren kalitate-, efizientzia- eta segurtasun-estandarrak bermatzera bideratutako sistemekin". Instalazioaren gaitasuna urtean 40.000 txasisekoa izan daitekeela aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak