Egundoko arrakasta izan du Los Javis bezala ezagun diren Javier Ambrossik eta Javier Calvok zuzendutako La bola negra filmak. Domekan izan zen Federico Garcia Lorca idazlearen amaitu gabeko lana oinarritzat duen filmaren emanaldia, goraino bete zen Victoria Eugenia antzokian, eta ikaragarria izan zen ikusleek egin zioten harrera: hamar minutu iraun zuen filmak jasotako txalo zaparradak.
Zuzenean Debagoienera
Gaur estreinatzen da komertzialki La bola negra, eta zuzenean helduko da Oñatiko eta Arrasateko zinemetara. Estreinaldiaren egunean bertan helduko da Oñatira, eta igandera arte egongo da ikuskizunen sailean. Egun guztietan bi emanaldi izango dira: lehena 19:30ean eta bigarrena, berriz, 22:00etan. Sarrerek bost euroko prezioa dute, eta oñati.eus atarian edo txarteldegian eskuratu daitezke.
Egun bat gehiago itxaron beharko dute arrasatearrek filma ikusi ahal izateko; izan ere, bihar izango da lehen emanaldia. Astelehenera arte egongo da ikusgai, beti 19:30ean. Sarrerek bost euroko prezioa dute, eta arrasate.eus atarian edo txarteldegian eskuratu daitezke.