Duela hogeita bat hilabete hartu zuen Joxerramon Bengoetxeak (Irun, 1963) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore kargua, eta ordutik hainbat dira mahai gainean izan dituen gaiak: finantzaketa, azpiegiturak, euskararen presentzia eta unibertsitatera sartzeko probak. Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna, Lege Soziologia Institutuaren Nazioarteko Zuzenbidearen Soziologiako Masterreko zuzendaria izandakoa da, eta aurten ere bertan izan da ikasturte berriaren irekieran. EHUren "eredu propioa", hezkuntzaren erronkak eta Oñatik mundu akademikoan duen lekua izan ditu hizpide.
EHUko kurtso irekieran "eredu propioaz" aritu zineten.
Pausoz pauso eraikitzen ari garen eredua da. Gure unibertsitateak baditu berezitasun batzuk. Alde batetik, campus askoko unibertsitatea gara, hiru lurraldeetan txertatua eta gizarteko hainbat eremurekin harreman zuzena duena. Bestetik, unibertsitate euskalduna gara eta izan nahi dugu: graduetan euskarazko eskaintza bermatu nahi dugu, graduondokoetan euskaraz ikasteko aukera gehiago eskaini, doktore-tesiak euskaraz egitea sustatu eta ikerketa eta dibulgazioa ere euskaraz bultzatu. Eta, euskararen bidez, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa ere badugu. Horri guztiari nazioarteko presentzia eta harremanak gehitu behar zaizkio. Ezaugarri horiek defendatzearen ildotik joango da gure kokapena, bai Unibertsitateen Legearen zirriborroari begira, bai 2027-2030eko Unibertsitate Planari begira.
"Unibertsitate euskalduna gara, ikerketa eta dibulgazioa bultzatzen dituena"
Lehendakaria ez zen bertaratu; nola hartu duzue erabakia?
Lehendakariak aukeratutako txandakatze-irizpidea da. Guk adierazi dugu ez dugula partekatzen, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoa garelako eta, gure ustez, publikotasun horrek erreferentzia berezia eskatzen duelako. Beste unibertsitateei baliorik kendu gabe, ez dugu izaera bera. Hortik aurrera, erabakia errespetatzea dagokigu.
Finantzaketak ere sortu du zeresana.
Finantzaketak gora egin du, eta gure ikuspegia ez da iragarritako ahalegina kuestionatzea: ez da kopuru bat edo bestea sartzen den edo ez ertainetan, Europan, Estatu mailan… Nahikotasunaren printzipioan oinarritzen gara; benetan gure beharrak zeintzuk diren identifikatu eta horiei erantzutea da guk ulertzen dugun nahikotasuna. Kalitatezko ikerketa, ikaskuntza, irakaskuntza, digitalizazioa... Hori guztia ziurtatzeko, kudeaketa malgu eta eraginkorra behar ditugu.
Behar berezirik baduzue?
Obra handiak eramaten ari gara aurrera; Medikuntza Fakultatearena, kasu. Klimatizazioa ere beharrezkoa da lan-baldintza duinak bermatzeko. Irakasle berrien soldatak ere hobetu beharko lirateke, euskal sektore publikoarekin alderatuta eskasak baitira. Eta hainbat campusetan itoginak ditugu. Ez dugu espero urte batetik bestera dena konpontzea, baina bai epe ertainera helmuga argiak zehaztea.
Zelakoa da harremana Eusko Jaurlaritzarekin?
Tandem bateko harremana da. Gure finantzaketa gizartearen ekarpenetatik dator, eta zerga horiek kudeatzeaz Jaurlaritza arduratzen da; beraz, elkar ulertzea nahitaezkoa da. Jabetzen gara Jaurlaritzak ezin dituela gizartean eskatzen zaizkion esfortzu guztiak une berean ase. Horren jakitun, prest gaude plangintza bat adosten joateko.
USAP probek eztabaida handia sortu dute. Zein da irakurketa?
Emaitzak espero gabekoak izan ziren, baina ez euskarazko probetan bakarrik. Unibertsitatera sartzeko azken proba horretan aurrez ezarritako irizpide batzuk ebaluatzen dira –hezkuntza sistemarekin adostutakoak–. Egindako berrikuspenek erakutsi zuten hasierako kalifikazioak ez zeudela akatsez beteta, zenbait ahotsek iradoki izan dutenaren aurka. Ingeniaritzan bi leku sortu behar izan ditugu ad hoc.
PISAren emaitzek kezka eragin dute.
Herritarren kezka ulertzekoa da, eta erakusten du ardura badagoela hezkuntza mailaren inguruan. Dena den, emaitzak sakontasunez aztertu behar dira: zer neurtzen den, nola neurtzen den eta zer geratzen den neurketatik kanpo. PISAk hiru konpetentzia neurtzen ditu, garrantzitsuak direnak, baina hezkuntza-sistemak beste helburu eta gaitasun asko ere lantzen dituela kontuan hartu behar da. Horrek ez du esan nahi konformatu egin behar dugunik; hobetu beharra dago. Hezkuntza Sailari dagokio diagnostiko sendoa egin eta hortik aurrera proposamenak aztertzea: gure ezagutza eta eskarmentua eskaintzeko prest gaude.
Oñatira etorrita, Lege Soziologia Institutuak 37. masterra abiatu du.
Bai. Uste dut debagoiendarrak, eta oñatiarrak, orokorrean, ez direla guztiz jabetzen zer-nolako harribitxia duten. Zuzenbidea eta gizarte-zientziak gurutzatzen dituen arlo oso espezifikoan Oñati mundu mailako erreferentea da. Esango nuke arlo horretako akademikoen ehuneko oso altuak ezagutzen duela. Ikasleak, ikerlariak eta irakasleak munduko leku guztietatik erakartzen ditu. Herria aberasten du, baina baita akademia ere.
Nazioarteko izaera hori ikasgelan nabari da?
Bai. Gaur egun, hiru ikasle euskaldun daude, baina gainerakoak munduko hainbat lekutatik datoz. Ikasgelan munduko kultura juridikoen laborategi txiki bat sortzen da, eta hori oso aberasgarria da guztientzat. Gainera, komunitate-sentimendu bat sortzen da munduan sakabanatuta dauden ikasleen artean. Asko txantxikotu ere egiten dira eta Oñatira itzultzen dira ikasten jarraitzeko.
"Masterreko ikasgelan munduko kultura juridikoen laborategi txiki bat osatzen dute"
EHUrentzat ze ekarpen du masterrak?
Masterreko irakasle asko EHUkoak dira, eta baita tesiak zuzendu eta ikertzen dituztenetako asko ere. Alde horretatik, harribitxia da EHUrentzat ere. Ingelesez eskaintzen den goi-mailako masterra da, oso finkatua eta mundu osoan aitortua. Gainera, ikasle horietako askok gero EHUrekin harremanetan jarraitzen dute eta doktore-tesia egiten dute hemen. Azken batean, ideien eta proposamenen laborategi bat da. Eta EHU nazioartean ezagutzeko ere balio du. Horrelako profilak Oñatiko masterraren bidez unibertsitatera gerturatzea aberasgarria da. Win-win moduan ezagutzen den horietakoa.