Egungo Enpresagintza Fakultateko Dekanoa den Lander Beloki (Zaldibia, 1971) izango da 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera Mondragon Unibertsitateko errektorea. Duela bi aste, Vicente Atxak jarraituko ez zuela iragarri ostean, ezohiko bileran Kontseilu Errektoreak gaur hartu du erabakia.
Azken hamabi urteetan izan da Atxa Mondragon Unibertsitateko errektore, eta, horregatik, Mondragon Unibertsitateko presidente, Xabier Egibarrek balioan balioan jarri gura izan du bere lana: "Bere lidergoak modu esanguratsuan lagundu du Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzen bai eta Unibertsitatearen hazkundean eta nazioartetzean ere. Gainera, bereziki azpimarratu nahi dugu bere giza kalitatea eta konfiantzazko harremanak sendotzeko duen gaitasuna eta horrek arrasto sakona utziko du bai Unibertsitatean, bai bertako kide guztietan".
Era berean, Kontseilu Errektorearen eskertza ere jaso du: "Gure esker ona eta aitortza bere konpromisoagatik eta egindako lan bikainagatik, Mondragon Unibertsitatea posizio sendoan uzten baitu etorkizuneko erronkei aurre egiteko".
Lander Beloki, doktore eta dekanoa
Atxak abenduaren 31n utziko dio Mondragon Unibertsitateko errektore izateari, eta hurrengo egunean hasiko da Belokiren ibilbidea. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta mikroekonomiaren eta industria-antolakuntzaren arloan espezializatuta dago.
1999az geroztik dabil Mondragon Unibertsitatean lanean, Enpresagintza Fakultateko Ekonomia eta ikertzaile bezala eta 2005etik da Enpresagintza Fakultateko dekanoa; ardura horiek MU Enpresagintza S.Coop.-eko zuzendaritzarekin eta MIK S.Coop.-en ikerketa-arloko zuzendaritza erantzukizunekin uztartu ditu. Horrez gain, Mondragon Unibertsitateko zuzendaritza taldeko kidea da.
Bestalde, kooperatiben, enpresen eta erakundeen inguruko eginkizunetan murgilduta ere ibili izan da. Hala nola, Eroskiko Kontseilu Errektoreko kide eta Lagun Aro Seguros-en Administrazio Kontseiluko kide izan da, baita Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean aditu. EITBren ohiko kolaboratzaile ere izan da, ekonomiaren inguruko gaiak aztertzen.
Kontseilu Errektorearen konfiantza du
Etapa berri honi aurre egiteko, Kontseilu Errektoreak "erabateko konfiantza" adierazi dio Lander Belokiri: "Bere ibilbideak eta esperientziak berme sendoa osatzen dute Unibertsitatearen erronkak eta aukerak gidatzeko". Ildo beretik mintzatu da Egibar presidentea ere: "Ziur nago Lander Belokik Mondragon Unibertsitatea osatzen dugun guztion laguntza eta lankidetza izango dituela".