Sopelan jokatuko da irailaren 27an Emakume Master Cupeko Urrezko ligako Udako Txapelketako final handia, eta bertan bi debagoiendarrek parte hartuko dute. Madalen Etxegarai oñatiarrak eta Arrasate Bergara bergararrak finalerako txartela eskuratu zuten atzo, Oñatiko Zubikoa frontoian, eta finalean Aldai eta Erasun izango dituzte aurkari.
Etxegarai-Bergara, finalera
Finalerdi borobila egin zuten Madalen Etxegaraik eta Arrasate Bergarak, Sagarduiren eta Zabalaren aurka (22-15). Markagailuan atzetik hasi arren, Etxegarai hazten joan zen kantxan, eta tanto ederrak utzi zituen aurreko koadroan. Lehenengoz markagailuan aurretik jarri ziren debagoiendarrak 8-7, eta orduz geroztik, partiduan agindu egin zuten. Bergarak oso seguru jokatu zuen atzean, eta Oñatiko aurrelariak, ondo bukatu zituen tanto erabakigarriak Sagarduiren aurka (13-8). 14-10 gerturatu ziren aurkariak, baina abantaila ondo kudeatu zuten debagoiendarrek eta azkeneko emaitza 22-15ekoa izan zen Zubikoan.
Oses, finalaren atarian
Beste finalerdian Uxue Oses oñatiarra eta Aizane Ibarrola nafarra lehiatu ziren, Amaia Aldairen eta Itxaso Erasunen aurka, eta garaipena azken horiendako izan zen (22-12). Oñatiko atzelariak ez zuen ondo hasi partida, baina Ibarrola fin ibili zen aurreko koadroan, eta markagailuan 2-5 jarri ziren urdinak. Amaia Aldai aurrelaria jokoan sartzen joan zen apurka, eta trebeziaz, markagailua irauli zuten gorriek 6-5. Uxue Osesek eta Ibarrolak akats batzuk egin zituzten kantxan, baina norgehiagokan sartuta jarraitu zuten 13-9ko markagailuarekin. hala ere, oso sendo jarraitu zuen Aldai-Erasun bikoteak eta aldea erraz handitu zuten, 18-10. Azken emaitza 22-12koa izan zen Zubikoan.

Itxasne Lizarralderen garaipena
Finalerdien aurretik, Promesak mailak lagunartekoa jokatu zuten Arrutik eta Lizarraldek, Imazen eta Etxezarretaren aurka, eta Oñatiko atzelariak garaipena ederra lortu zuen etxeko zaleen aurrean (18-9). Intza Arrutik eta Itxasne Lizarraldek oso bikote orekatua eta indartsua osatzen dutela erakutsi zuten Zubikoan, eta aurkariak baino gehiago izan ziren une oro.