Udako atseden luzearen ostean, eta denboraldiaurrean egiten diren probak amaituta, asteburu honetan hasiko dute liga gizonezkoen lurraldeko Lehen Mailan dabiltzan hiru eskubaloi taldeek. Soraluce BKE izango da debutatuko duen lehen taldea: Labegaraietan jokatuko dute, Egiaren aurka, bihar, 16:00etan. Onnera Group Aloña Mendik eta Arrasate Eskubaloik, ostera, domekan izango dute lehen hitzordua: oñatiarrek Ordizian jokatuko dute eta arrasatearrek Urnietaren bisita jasoko dute Iturripen. Guztira, hamabi talde ariko dira maila horretan lehian.
Bergara, 'play-off'-aren bila
Joseba Elortza: "Maila ona eman dezaketen jokalariak ditugu eta errotazioa dugu postu guztietan; horregatik, astero lehiakorrak izango garela esango nuke"
Soraluce BKEk bi norgehiagoka jokatu ditu denboraldiaurrean: Urolaren aurka jokatutako aurrenekoa irabazi egin zuten eta Josetxo Muniategiren omenezko txapelketan Aloña Mendiren aurka jokatutakoa, galdu. Joseba Elortza entrenatzaileak azaldu duenez, "partidu gehiago" jokatuta hasi gurako lukete liga, baina egutegiak ez du horrelakorik ahalbidetu. "Momentuak izan ditugu bi partida horietan. Aloña Mendiren aurkakoan, adibidez, gaizki hasi ginen. Gero, lehenengo zatia ondo bukatu genuen, baina bigarrenean oso gaizki ibili ginen", dio Elortzak. Taldearen helburua argia da: iaz bezala, liga lehen sei postuetan amaitu eta play-off-a jokatzea. "Maila eman dezaketen jokalariak ditugu, astero talde lehiakorra izango garela uste dut", azaldu du entrenatzaileak. Horretarako, defentsan "aurrerapauso bat" ematen saiatuko direla gaineratu du Elortzak.
Aloña, iazkoa errepikatzera
Xabier Guridi: "Taldearen helburu nagusia 'play-off'- ean sartzea izango da; iaz helburu hori bete genuen, eta ea aurten ere errepikatzerik ba ote dugun"
Aurten 50 urte bete dituen Aloña Mendik ere bi lagunarteko jokatuta ekingo dio denboraldiari: esan bezala, Soraluce BKEren aurka jokatutakoa eta Beti Onak taldearen aurka jokatutako beste bat. Xabier Guridi entrenatzailearen esanetan, "oso ondo" joan da denboraldiaurrea. Taldearen egitura nagusia ere mantendu egin da; horregatik, Guridiren hitzetan, "iazkoa errepikatzea" da helburua: "Playoff-ean sartu ginen, eta aurten ere errepikatzerik dugun". Liga parekatua espero du Guridik, edozein talderen aurka irabazi edo galdu daitekeelako; horregatik, defentsan "ondo ibiltzea" garrantzitsua izango dela dio, liga "ondo hasteko".
Jarrera emaitzetan islatzera
Ane Herrero: "Talde honek gosea du; transmititzen didaten gose hori kantxan puntu bihurtzeko gai izaten bagara, gure indargune bihurtu daiteke"
Arrasate Eskubaloi taldeko kideen prestaketa desberdina izan da. Izan ere, Segovian asteburu bat igaro zuten partidu batzuk jokatzen. Aurreko asteburuan, ohi bezala, Pitxi torneoa jokatu zuten, eta Gure Auzune taldea erraz garaitu zuten. Ane Herrero entrenatzaileak dio prestaketa "ezustekorik gabe eta ondo" joan dela: "Gustura nago denboraldiaurrearekin. Ez dugu aldaketa askorik egin; gazte mailako batzuk senior dinamikan sartu ditugu, eta uste dut horrek indartsuago egingo duela taldea". Taldeak lehiatzeko "gosea" duela gaineratu du Herrerok, eta gose hori taldearen nortasun bilakatzearen garrantzia azpimarratu du, emaitzetan ere jarrera hori islatu dadin: "Liga parekatua izango da, baina gureari begiratu behar diogu. Entrenamenduetan dena uzten dugu, eta orain, partiduetan taldearen onena ateratzen saiatu behar dugu".
Emakumeak, datozen asteetan
Emakumezkoen senior taldeei dagokienez, oraindik zertxobait falta zaie liga hasteko. Euskal Ligan dabilen Ulma Aloña Mendik urriko bigarren asteburuan hasiko du liga, etxetik kanpo, Elgoibarren aurka. Lurraldeko Lehen Mailara itzuli den Mondragon Lingua Bergarak, ostera, datorren astean hasiko du denboraldia; Tolosaren bisita jasoko du.